Irabazten badu, finalerdietara sailkatuko da. Lehen partidan Elezkano II.ak eta Zabaletak, Imazen eta Urrutikoetxearen aurka jokatuko dute. Pilota jaialdia ETB1en ikusi ahal izango da
Bihar, 22:00etan, binakako txapelketa nagusiko eta promozio txapelketako partidak jokatuko dira Urretxun. Txapelketa nagusian, Elezkano II eta Zabaleta liderrek Imaz eta Urrutikoetxearen aurka jokatuko dute. Ondoren, Promozio txapelketan, Zabalak eta Erostarbe urretxuarrak Larrazabalen eta Eskirozen aurka jokatuko dute. Partidak ikuslerik gabe jokatuko dira, baina ETB1en ikusi ahal izango dira.
Bi partidak oso garrantzitsuak dira. Bai Elezkano II-Zabaleta eta bai Zabala-Erostarbe finalerdietara sailkatuko dira ostiralean irabazten badute. Beste bi bikoteentzat ere partida garrantzitsua da, lehen seien artean gelditzeko.
Lehen fasean bikote guztiek 14 partida jokatuko dituzte. Lehen biak zuzenean finalerdietara sailkatuko dira eta hurrengo lauek beraien artean jokatuko dute eta partida irabazten duten biak finalerdietara sailkatuko dira. Orain arte 12 partida jokatu dira eta Zabalak eta Erostarbek 9 irabazi dituzte. Falta zaizkien bietatik bakarra irabaztearekin nahikoa dute bigarren postua eskuratu eta zuzenean finalerdietara sailkatzeko.
Erostarberen iritzia
Erostarbe gustura ageri da orain arte egindako lanarekin, noski. «Gustura gaude, baina puntu bat gehiago lortu beharra dugu sailkapena ziurtatzeko».
Biharko partida gogorra izango dela uste du. «Lehen itzulian irabazi egin genien eta ondo ari gara jokatzen. Une garrantzitsuenera iritsi gara eta herrian jokatzea beti da berezia. Gure jokoa egiten badugu, irabazteko aukerak izango ditugu».
Erostarbek beste inork baino hobeto ezagutzen du Ederrena pilotalekua, baina ez du uste horrek bere alde jokatzen duenik. «Herrian jokatzea desabantaila ere izan daiteke, baina egia da frontoia ondo ezagutzen dudala. Pilotaleku ona da, denontzat».
Ikuslerik gabe jokatzea «tristea» dela dio. «Jendea frontoira joateko gogoarekin dago. Ea uda inguruan pilotalekuak ikusleei irekitzeko aukera dagoen».
Erostarbe inoiz baino hobeto ari da eta urretxuarrek ez dute bertatik bertara gozatzeko aukera. «Beharbada nire orain arteko txapelketa onena izaten ari da. Erregularrena bai, behintzat. Bi partida kaxkar bakarrik jokatu ditugu. Iaz ondo hasi ginen, baina gero partida txar samar batzuk jokatu genituen».
Txapelketa irabazteko faboritoak Salaberria eta Oier Etxebarria direla dio. «Gure aurka galdu egin zuten, baina bi partida bakarrik galdu dituzte. Dena den, finalerdietan gauzak asko aldatu daitezke. Izan ere, playoff-etako partida irabazi dutenak konfiantza handiarekin heltzen dira finalerdietara. Tentsio handia egoten da eta une onean heltzea garrantzitsua izaten da».