Piktogramak adinekoentzat ere lagungarriak izango dira
Zumarragako Udalak piktogramak margotu behar ditu herriko hainbat zebrabidetan autismoa dutenei eta adinekoei laguntzeko. Gautenaren egitasmo honek udalaren, Nagusilanen eta herriko ikastetxeen babesa du. Gautena autismoaren espektroko nahastea duten pertsonen senideen elkartea da.
Egitasmo hau atzo aurkeztu zuten, Gautenak Nafarroa plazan duen lokalaren ondoan. Gautenako, Nagusilaneko eta ikastetxeetako ordezkariek piktogramak margotu zituzten lokalaren ondoko zebrabidean.
Mikel Serrano alkateak eraikin publikoetatik eta ikastetxeetatik gertu dauden zebrabideetan margotuko diren piktogramei esker autismoaren espektroko nahastea duten pertsonek eta arazo kognitiboak dituzten adinekoak lasaiago eta seguruago ibiltzeko aukera edukiko dutela esan zuen. «Gautenak duela bi urte proposatu zuen puntu estrategikoetan dauden zebrabideetan piktogramak marraztea, baina egitasmoa atzeratu egin behar izan dugu koronabirusarengatik. Zebrabideak margotzeaz gain, udaltzainek eta gure ikastetxeetako haurrek gaiarekin lotutako formazioa jasoko dute, adinekoei eta autismoa dutenei lagundu ahal diezaieten».
Udalaren eta Gautenaren arteko elkarlana aspalditik datorrela gogoratu zuen. «2013an Nafarroa plazako lokal bat utzi genien, 30 urterako. Bertan, autismoa duten haurrei harrera egiten diete eta lagundu egiten diete».
Horretaz gain, 2015ean udalak Ferrer Ferran konpositoreari autismoari erreferentzia egiten dion obra bat eskatu zion. Obraren izenburua Zentzuaren burbuilak da. Burbuila pertsona autisten barne munduaren metafora gisa erabiliz. «Ildo horretan, gaur aurkeztera gatozena bezalako pausoak eman nahi ditugu, Zumarragako herritarren bizitzeko eta elkarri eragiteko modua burbuilatik kanpo gera dadin», esan zuen.
Piktogramen garrantzia azpimarratu zuen. «Ekintza honen helburua, sentsibilizazio kanpainen bidez kultura inklusiboa sortzea baino gehiago da. Irisgarritasuna bermatuko du eta bide hezkuntzako arauak ikasi ahal izatea erraztuko du».
Piktogramak komunikazio tresna gisa erabili ohi dira. Beraien bidez zerbait zehatza eta abstraktua irudikatu ahal izaten da, pertsonari kontzeptu konplexuagoak ulertzen laguntzeko. «Herriari elementu horiek emateak, autismoa duten pertsonei mugikortasuna erraztu ez ezik, ingurune kognitiboki irisgarria ere bermatzen die. Horregatik, ekintza honen onuradunak herriko adinekoak eta haurrak ere izango dira».
Kanpaina horrekin batera, ikastetxeetan Carlos Hervas-Gomez Sevillako Unibertsitateko irakasle eta Teavialeko ikerketa kideak egindako gida didaktikoa landu da. Gida udalak berak itzuli eta banatu du. Gainera, hitzaldiak emango zaizkie ikasleei eta udaltzaingoari.
Gautenako Jimmy Brosak eskerrak eman zizkien udalari, ikastetxeei eta Nagusilani eta honek guztiak herritarrek autismoa hobeto ezagutzeko balioko duela esan zuen. Ikastetxeetako ordezkariek eskerrak eman zizkieten egitasmoa aurrera atera dutenei eta oso gustura parte hartu dutela esan zuten.