Urretxuk eragin tasaren 400eko muga gainditu du, eta ondorioz, itxialdian sartuko da astelehenetik apirilaren 6ra arte. Zumarragari ez zaio itxiera ezarriko.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ezustekoa eman du gaur, itxialdia ezarriko zaien herrien zerrendan, 5.000 biztanletik beherako herriak ere sartuta. Gipuzkoan 9 herri itxiko dituzte, eta horien artean dago Urretxu. Astelehenetik aurrera, bertako biztanleek ezingo dute herritik atera, ez eta kanpokoek bertara sartu ere. Soilik aldameneko herrira joan ahal izango dute aktibitate fisikoa edo erosketak egitera. Tabernek ere, barrualdeak itxi egin beharko dituzte, eta gosaltzeko eta bazkaltzeko bakarrik sartu ahal izango da, hiruna orduko tarteetan.
Urretxun eta Zumarragan igo egin dira datuak azken egunetan, eta Osasun Sailak ezarri duen eragin tasaren 400eko muga gainditu du Urretxuk. Zumarragan ere igo da tasa azken egunetan, baina 400eko mugaren azpitik jarraitzen du. Herri mailako azken itxieran gertatutako hainbat egoera errepikatuko dira, beraz, datozen egunetan.
Gipuzkoako bederatzi herri ixteko erabakia hartu dute, denak ere Goierrikoak: Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Olaberria, Ordizia, Urretxu, Zaldibia eta Zegama dira neurri horiek bete beharko dituztenak. Osasun Sailak ez ditu datu horiek berrikusiko datozen egunetan, eta horrenbestez, gaur itxitako herriek horrela jarraitu beharko dute apirilaren 6ko berrikuspenera arte.
Hauek dira herri horietako bakoitzaren eragin-tasak:
UDALERRIA | Eragin-tasa |
Ataun | 1659,99 |
Beasain | 841,59 |
Idiazabal | 420,17 |
Lazkao | 1047,59 |
Olaberria | 1090,51 |
Ordizia | 953,33 |
Urretxu | 453,95 |
Zaldibia | 1869,72 |
Zegama | 1715,15 |