Atzotik, urretxuarrak ezin dira herritik atera. Erreserba bat eginda ez zutenek, Aste Santua herrian pasa beharko dute. Itsasoa ikusteko gogoa dutenek, Elisabet Mendiaren erakusketan dute aukera.
Herri mailako azken konfinamenduan, Carlos Mediavillak Irimotik ateratako argazkiei buruzko erreportajea argitaratu zuen GOIERRIKO HITZAk. Argazkietako batean itsasoa ageri zen. Urretxu berriro itxi dute eta urretxuarrak berriro Irimora igo beharko dira itsasoa ikusi nahi badute. Baina oraingoan herrigunetik atera gabe ere itsasoa ikusteko aukera dute. Izan ere, Eli Mendia margolariak Juan de Lizarazu aretoan ireki duen erakusketako koadro askotan itsasoa ikus daiteke.
Mendiaren akuarelak apirilaren 4a arte egongo dira ikusgai Juan de Lizarazun. Urretxuko erakusketa aretoa asteartetik igandera irekitzen dute, 17:30etik 20:30era.
Mendia bere amaren eraginez zaletu zen. Amaren familian eskulanetan trebeak dira. Berak margotzea gustuko zuen eta 11 urterekin Felix Vaquerizaren eskolara joatea erabaki zuen. Ordutik, ez dio ikasteari utzi. Izan ere, bere aisialdian margotzea eta margotzen ikastea gustatzen zaio. Ez zuen Arte Ederrak ikasi, baina ikastaro askotara joan da. «Ez zait gustatzen beti berbera egitea, nire buruari erronkak jartzea gustatzen zait».
Akuarela
Hala, duela bost urte akuarela teknika ikastea erabaki zuen. «Asko kosta zitzaidan non ikasi aurkitzea, akuarela irakasle gutxi baitaude. Izan ere, teknika zailena da. Azkenean, Arrasateko pintura eskolan izena eman nuen eta bertan ikasi dut teknika honi buruz dakidan guztia».
Akuarelekin margotzea ez da batere erraza. «Olioarekin margotzea ohituta nago eta akuarelarekin oso ondo pentsatu behar da ezer egin aurretik. Izan ere, urak bere bidea hartzen du eta ezin da gaizki egindakoa konpondu. Akuarelak gauza bat du ona: oso traste gutxirekin edozein tokitara joan zaitezke».
Urretxuko erakusketan kostaldean margotutako koadro asko ikus daitezke: Arcachongo badia, Gorliz, Sokoa, Zumaiako Itzurun hondartza, txalupak, haurrak uretan jolasten…
Barrualdeko paisaiak ere ikus daitezke: errekak, basoak, pagadiak, mahastiak… Baita Urretxun eta Zumarragan margotutako hiru koadro ere: Urola ibaia, Zumarragako tren geltokiaren ondoan aparkatzen dituzten kamioiak eta herritarrak Lurdesko Amaren elizatik ateratzen.
Koadro guztiak azken urte eta erdian margotutakoak dira. Asko ganbaran margotu behar izan ditu, koronabirusa dela eta. «Koadro asko nire irteeretan egindako argazkiak erabilita margotu ditut. Azken irteera Guardiara egin nuen, urria amaieran. Herriak itxiko zituztela iragarri zuten eta itxi aurretik bertara joatea erabaki nuen».
Pazko Astean kanpora joateko asmoa zuen, baina seguru aski herrian gelditu beharko da. «Guardiara edo Mundakara joateko asmoa nuen, baina ganbaran edo pagadian margotu beharko dut. Etorriko dira garai hobeak. Bitartean, edalontzia erdi beteta ikusten saiatu beharko gara».