Urretxu eta Zumarragako bertso eskolak Martxoan Bertsoa ekimena antolatu du aurten ere. Iaz pandemiak bete-betean harrapatu zituen eta hainbat ekitaldi bertan behera utzi behar izan zituzten, baina horrek ez die ilusioa zapuztu eta aurtengorako ere egitarau oparoa prestatu dute. Azken ekitaldiak joan zen asteburuan izan ziren eta bertso eskolako kideek edizio arrakastatsua izan dela diote.
Aurtengo lehen ekitaldia martxoaren 13an izan zen. Unai eta Eñaut Agirre anaiek bertso jarri musikatuak ekarri zituzten, Imanol Kamio musikariak lagunduta. Auskalo zeinek jarriak ikuskizuna Urretxuko elizan izan zen.
Joan zen ostiralean, berriz, bertso eskolako kideek bat-bateko bertso saioa eskaini zuten. Saio berezi eta dibertigarria izan zen, ikusleak Martxoan Bertsoaren urte luzetako ibilbidean murgildu baitziren eta artxiboan jasotako altxor txiki ugari ikusteko aukera izan baitzuten.
Azken emanaldia igandean izan zen. Herritarrek Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal antzerkilariak sortutako Erradikalak ginen ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten Zelai Arizti aretoan. Ikuskizun honek feminismoaren gaia jorratzen du eta bertsoa eta bakarrizketa uztartzen ditu.
Balorazioa
Bertso eskolako kideak gustura ageri dira. «Bukatu da aurtengo Martxoan Bertsoa. Egungo osasun egoerak erabat baldintzatu duen arren, gustura gaude egindako ekintzekin. Gauzak egiteko modua birpentsatu behar izan dugu, baina ekintzak oso ondo atera dira eta herritarrak gustura agertu dira», aipatu dute bertsolariek.
Horra hor ostiraleko saioko bideo batzuk eta saio guztietako argazkiak.