Urretxuarrek igerileku inguruan pilatutako zikinkeria jasoko dute eta txikitutakoa konpontzen saiatuko dira
Urretxuko Udalak auzolan saioa antolatu du biharko, igerileku gaineko pinudian. Bertan pilatutako zaborra garbituko dute. 10:00etan elkartuko dira, Pagoeta igerilekuko sarreran. Lauko taldetan lan egingo dute. Eskularruak, zabor-poltsak eta gainontzeko material guztia udalak eramango du. Urretxuar guztiei parte hartzeko gonbita luzatu diete.
Udala suminduta ageri da. “Badirudi gaitz honek gure kale, mendi eta basoei ere eragin diela. Ez gara COVID-19az ari, zentzugabekeriaz baizik. Garbiketa zerbitzuek bere lana egin dute, baina sortutako kalteak handiak dira. Horregatik, bihar goizeko 10:00etan, Pagoeta igerilekuko atarian egingo dugu hitzordua. Lauko taldetxotan elkartuko gara, ingurua txukuntzeko (zaborrak jaso eta ahal den heinean eragindako kalteak konpondu). Eskularruak, zabor-poltsak eta beharrezko materiala eramango ditugu bertaratzen diren guztientzat”.
Izan ere, kalteak eragin dituztenek, zaborra mendian uzteaz gain, txikizioa egin dute. Igerilekuetatik Etxaburura doan bidean landatutako zuhaitzei kalteak eragin dizkiete eta baserritarren hesiak hautsi dituzte. Herriko beste toki batzuetan ere txikizioak egin dira.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide