Arratsaldeko 18:00etan heldu da Kutxa Bira, Zeraindik. Dantza eta bertso artean hartu dute, KKinZona irrati inguruan.
Goierrira iritsi da Bizi gira…Kutxa bira!. Iparra-Hegoa elkarteak antolatutako Bizi gira… kutxa bira! dinamikaren barruan, martxoaren 20an Argentinako Viedma-Patagones eskualdeko Euskal Etxetik abiatu zen, eta gaur, Ibarratik heldu da Goierrira. Idiazabalen egin du Goierriko lehen geldialdia. Han, harrera ekitaldia egin diote, ondoren, Zerainera eraman dute. Zerainen ere ongi etorri beroa egin diote. Jarraian, Urretxu-Zumarragarako bidea hartu du. 18:00etan iritsi da, eta aurreko geldialdietan bezala, hemen ere harrera ekitaldia egin diote, KKinZona irratian. Ondoren Zintzo Mintzoko lagunek irratsaioa eskaini dute. Bitartean, herritarrek, graffiti bat margotu dute. Ekitaldiari amaiera emateko, Amets Arzallusen mezua irakurri eta kutxari agurra egin diote, hau Antzuolara bidean jarri baino lehen.
Bihar, Legazpira
Igandean, bere bidea egiten jarraituko du Kutxa Birak, eta Antzuolatik, Legazpira ekarriko dute. Ardanbidetako mugarrian egingo diote harrera, 16:00etan. Handik, herrigunera, eta bertan, Agirre Etxeberriko berdegunean, Kutxa Bira ekitaldia egingo dute herriko musikariek girotuta, Amets Arzallusen eta Legazpin sortutako testuen irakurketarekin. 17:30etik aurrera izango da hori.
Bukatzeko, hona hemen, Zerainen eta Urretxu-Zumarragan egin dituzten ekitaldien lagin bat.