Urretxu-Zumarragako seikoteak disko berria aurkezteko kontzertua egingo du, Oñatiko Lee-Kore taldearekin batera.
Bruma Densa taldeak kontzertua egingo du maiatzaren 22an, Urretxuko Labeaga aretoan. Urretxuko eta Zumarragako bost lagunek osatu zuten Bruma Densa taldea 2019. urtean; Ibon eta SRK mikroan, Terry gitarran, Jaius baxuan eta Slim B DJ bezala. Lehendik, No Crew, Throw Rap, Hil Baino Lehen, Veiculo Longo, Dark Rider edo SNKT taldeetan aritutakoak dira.
Iazko udan grabatu zuten aurreneko diskoa, eta irailean ikusi zuen argia. Bertan, hardcore, metal, rap edo drum & bass doinuak uztartzen dituzte. 2020an egitekoak ziren aurkezpen bira, baina pandemia dela eta, bertan behera utzi zuten. Ia urtebete geroago Jon Estankona (Etsaiakeroak, ex Rat-zinger) baterijole berriarekin itzuli dira orain, seikote moduan eta “inoiz baino indartsuago”.
Labeagako kontzertuan Oñatiko Lee-Kore taldea izango dute lagun eskenatokian. Sarrerak 3 euroan daude salgai. Aurrez erosi nahi dituztenek entradium.com webgunean eskura ditzakete sarrerak. Kontzertua 18:00etan hasiko da eta ateak 17:30ean irekiko dira. Edukiera mugatua izango da, noski.