Zumarragan esku pilotak tradizio handia du. Herriartekoa bi aldiz irabazi dute. Baina azken urteetan paletak eskuari lekukoa hartu dio. Aurten bigarrengoz parte hartuko dute Herriarteko Paleta Txapelketan.
Zumarragan esku pilotak tradizio handia izan du, baina azken urte hauetan paletak esku pilotari lekukoa hartu dio. Esku pilotan, Zumarragak bi aldiz irabazi zuen Herriarteko Txapelketa (1970eko hamarkadan) eta beste bi aldiz finalera iritsi zen (1980koan). Baina 2016an parte hartu zuen azkenekoz. Ordutik hona, paleta modalitatean bakarrik parte hartu du. 2018an Zumarragako pilotariak finalerdietara heldu ziren eta aurten bigarrengoz parte hartuko dute.
Bost pertsonek osatzen dute aurtengo taldea: Mikel Rodriguezek, Mikel Egiburuk, Beñat Agirrek eta Josu eta Iñigo Viana anaiek. Lehen kanporaketa Soraluzeren aurka jokatuko dute. Joaneko partida larunbat honetan jokatuko dute Soraluzen eta itzulerakoa hurrengo larunbatean Zumarragan. Partidak ikuslerik gabe jokatuko dira. Soraluzeri irabazten badiote, Hernaniren aurka jokatuko dute final zortzirenetako kanporaketa. Finala ekainaren 27an izango da.
Zumarraga da paleta txapelketan parte hartu behar duen Goierriko herri bakarra. Esku pilota txapelketan Ataunek parte hartuko du eta pala txapelketan Olaberriak eta Ordiziak parte hartuko dute.
Paleta txapelketan hiru partida jokatzen dira. Lehenengoa buruz buru jokatzen da, zazpigarren koadrotik aurrera. Bigarrena ere buruz buru jokatzen da, kantxa osoan. Hirugarren eta azken partida binaka jokatzen da, kantxa osoan. Beraz, jaialdi bakoitzean lau pilotarik parte hartzen dute. Guztiak 18 urtetik gorakoak dira.
Aipatu bezala, duela hiru urte finalerdietara iritsi ziren. Mikel Rodriguezek, Josu Vianak, Jon Anduezak eta Asier Juanenak jokatu zuten Zumarragarekin. «Helburu zehatzik gabe parte hartu zuten eta finalera iritsi ziren ia», gogoratu du Egiburuk.
Helburua
Aurten, Anduezaren eta Juanenaren ordez, Iñigo Viana, Beñat Agirre eta Egiburu bera arituko dira. «Joaneko partidetan nortzuk jokatuko duten erabakita dugu dagoeneko. Itzulerakoan nortzuk jokatuko duten, soraluzetarren ezaugarriak ezagutu ondoren erabakiko dugu. Gutako batzuk ez dugu esperientziarik. Hori dela eta, gure helburua lehen kanporaketa hau gainditzea da. Gero, gerokoak», azaldu du.
Esku pilotak tradizio handia du Zumarragan eta paletak ere zale asko ditu: aspalditik paleta txapelketa jokatzen da urtero Zelai Arizti pilotalekuan. «Zaletasun handiagoa egotea gustatuko litzaidake, baina futbolari eta saskibaloiari aurre egitea zaila da. Dena den, Beloki pilota elkartean horretarako lanean ari gara», amaitu du.