2020an bidaiekin lotutako erreklamazioak izan dira nagusi kontsumo bulegoan
Goierri garaiko kontsumo bulegoak 2020ko datuak ezagutzera eman ditu. Hor ere koronabirusak eragina izan du, noski. Erreklamazioak bikoiztu egin dira ia. Eta erreklamazio gehien jaso dituen sektorea bidaia agentziena eta operadore turistikoena izan da. Bigarren postuan telekomunikazioarekin lotutakoak daude eta hirugarrenean hegaldiekin lotutakoak (hau ere pandemiarekin lotuta dago, noski). Gainera, 2020an aurreko urtean baino ia 100 erreklamazio eta kontsulta gehiago egin dira.
2020an 263 erreklamazio eta 328 kontsulta egon dira. 2019an, berriz, 133 erreklamazio eta 364 kontsulta egin ziren. Erreklamazioak ia bikoiztu egin dira, beraz.
2020ko erreklamazioei dagokienez, urretxuarrek 83 egin dituzte (%31,56), zumarragarrek 126 (%47,91), legazpiarrek 42 (%15,97) eta Ezkio eta Itsasoko bizilagunek bakarra (%0,38). Gainontzeko erreklamazioak Goierri garaitik kanpoko bizilagunek egin dituzte: 11 (%4,18).
Kontsultei dagokienez, urretxuarrek 150 egin dituzte (%45,73), zumarragarrek 101 (%30,79), legazpiarrek 65 (%19,82) eta Ezkio eta Itsasoko bizilagunek 2 (%0,61). Gainontzeko kontsultak Goierri garaitik kanpoko bizilagunek egin dituzte: 10 (%3,05).