Joxe Mari Plazaola Kaminpe baserrian jaio zen. Baserri hura Orbegozo enpresaren galdategia egiteko bota zuten, baina Plazaolatarrek baserriko argazki eta tresna asko jaso zituzten eta garaje batean dituzte.
Gazteenentzat Kaminpe ArcelorMittal enpresaren galdategia da, baina Kaminpe baserri bat zen. Baserria galdategia egiteko bota zuten eta galdategiak baserriari tokia eta izena hartu zizkion. Baserria desagertu egin zen, baina bertako tresna eta argazki asko Urretxuko garaje batean daude. Joxe Mari Plazaola Kaminperen garajean.
Plazaola Kaminpen jaio zen, 1949an. «Baserri dezente polita zen. 1975 inguruan bota zen. Lehenengo aldameneko lursailak saldu ziren eta 1971-1972an Orbegozok baserria erosi zuen. Baserria bota zuten arte, aitona-amonak, gurasoak, anaia eta ni bertan bizi izan ginen. Gustura bizi ginen bertan».
Baserriak 500 bat urte zituen bota zutenean. «Anjel Kruz Jaka Legorburuk baserriak 500 bat urte zituela esan zidan. Bere ustez, baserriaren jatorrizko izena Basauri zen. Kaminpe Legazpiko bidearen ondoan zegoelako jarriko zioten».
Plazaolatarrek urte asko eman zituzten Kaminpen. «Plazaolatarrok aspalditik geunden bertan, errentan. Segurako jauntxo batena zen eta aitona zenak erosi egin zion, 1932-1933an».
Aitonak Joxe Plazaola zuen izena. Joxe Mariren gurasoek, berriz, Floren Plazaola eta Natividad Alberdi. Joxe Mari hunkitu egiten da aitaz hitz egiten duenean. Izan ere, gudaria izan zen eta kartzelan egon zen. «Agirre lehendakariaren eskolta izan zen eta ondoren frontean egon zen. Bala bakar batek ere ez zuen ukitu, baina zazpi urte eta erdi egin zituen etxetik kanpo: 18 urterekin alde egin zuen eta 26 beteta itzuli zen. Bi kartzelatan egon zen. Bere anaia hiru urte gazteagoa zen eta Francoren aldekoek soldadutzara eraman zuten».
Zorionez, halako batean, bi anaiek Kaminpera itzultzea lortu zuten. Plazaolatarrak gustura bizi ziren bertan, baina Orbegozo enpresak garai oparoa bizi zuen eta Kaminpe aldera bakarrik hazi zitekeen. Enpresako nagusien konfiantzazko gizon batek Plazaolatarrei dirua eskaini zien baserriaren eta bere inguruko lursailen truke. «Behin baino gehiagotan etorri zen baserrira. Gauzak ez ziren lehen egunean konpondu. Aitona zena eta amona zena edadetuta zeuden, oso eskaintza polita egin ziguten eta saltzea erabaki genuen. 1973ko San Blas egunean kalera etorri ginen. Ordurako galdategia eraikitzen ari ziren eta martxan jarri aurretik alde egin genuen», oroitu du Joxe Marik.
Museo bat garajean
Plazaolatarrek penaz alde egin zuten. Joxe Mariri baserri mundua asko gustatzen zaio eta Deskargara bidean txabola bat du. Gainera, garajean baserriko tresna eta argazki asko ditu.
Eskuekin lan egitea gogoko du eta ondo egindako lana gustatzen zaio. Hala, garajea txukun-txukun du. Aizkorak, makilak, ehiza txakurren eta behorren zintzarriak, abarkak, hauspoa, disekatutako animaliak… ditu. «Baserria hustu genuenean, pena bat nuen: pabiloi bat ez edukitzea. Izan ere, gauza asko bertan utzi behar izan genituen. Besteak beste, bost gurdi eder. Lauk burdinazko gurpilak zituzten eta berrienak gomazkoak. Erreminta pila bat ere han utzi genituen. Erreminta haiekin museo bat munta zitekeen Donostian. Batzuek uztarri bakarra erabiltzen dute idi guztiekin. Guk idi pare bati bi uztarri egin genizkion, lehenengoa ez zelako behar bezain egokia».
Idi haiek hil ziren, baserria bota zuten… baina beraien oroitzapenak bizirik dirau, Urretxuko garaje batean.