Martin-Paniagua familian hiru anaia dira eta hiruek Urola futbol taldearen kamiseta horia jantzi dute. Asier Martinek Urolaren lehen taldearekin 300 partida jokatu dituela eta, GOIERRIKO HITZAk hiruak elkartu ditu.
Nico Williams futbolariak Athletic taldearekin debutatu duela eta, azken egunotan asko hitz egin da klub berean jokatu duten anaiez. Zumarragako eta Urretxuko Urola taldean ere badira elkarrekin jokatu duten anaiak. Adibidez, Martin anaiak. Hiru anaia dira eta hiruek Urolan jokatu dute. Oskarrek eta Asierrek elkarrekin jokatu zuten lehen taldean. Iban ez zen lehen taldera iritsi, baina azpiko talde guztietan jokatu zuen.
Oskar 1984koa da, Asier 1989koa eta Iban 2000koa. Oskarrek eta Ibanek iaz utzi zuten futbola. Oskarrek Urolan eman zituen lehen pausoak eta ondoren Beasain, Sestao River, Osasuna Promesas, Guijuelo, Alicante, Ontinyent, Mitra Kukar, Tudelano, Portugalete, Unionistas eta Calahorra taldeetan jokatu zuen.
Ibanek ibilbide osoa Urolan egin zuen. Bigarren taldean jokatzen zuen futbola utzi zuenean. Asierrek, berriz, 15 denboraldi daramatza lehen taldean. Klubak oroigarri bat eman zion joan zen astean, 300. partida jokatu zuela eta. Beste lau jokalarik bakarrik jokatu dituzte horrenbeste partida Urolarekin.
Hiruak aurrelariak dira, Williams anaiak bezala. Iban beste biak baino dezente gazteagoa da eta jaio zenerako Oskar eta Asier futbolean ari ziren. «Anaiak baloiarekin ikusten nituen eta, hala, nik ere umetatik futbolean jokatu dut», azaldu du. «Inork baino partida gehiago ikusi ditu, gurasoek gure partida guztietara eramaten baitzuten. Asteburu askotan bi partida ikusten zituen», gogoratu du Oskarrek.
Anaia zaharrena beste bien eredua izan da. «Mutikoa nintzenean Oskarren partidak ikustera joaten nintzen eta Urolak antolatzen zuen txapelketan gure entrenatzailea izan zen», oroitu du Asierrek.
Handik urte batzuetara, Urolaren lehen taldean bere anaiarekin jokatzeko aukera eduki zuen. «Urolan jokatu nuen azken urtean, anaia gazte mailako taldean zegoen. Seguraren aurka jokatu behar genuen partidarako lehen taldearekin konbokatu zuten. Ez dakit lesionatu asko zeudelako edo ondo egiten ari zelako izan zen. Nire urtebetetze eguna zen: otsailaren 25a. Debutatu egin zuen, elkarrekin jokatu genuen eta gol bana sartu genuen. Pasea nik eman nion eta irabazi egin genuen, gainera», gogoratu du Oskarrek.
Anaia zaharraren ilusioa hiruek elkarrekin lehen taldean jokatzea zen, baina ezin izan du ametsa bete. «Oso zaila zen hori lortzea, gure arteko adin tartea oso handia baita. Ni azkenean ez naiz Urolara itzuli eta Ibanek lehen taldera iritsi aurretik utzi du futbola. Dena den, elkarrekin aritu gara: ni izan nintzen Urolan izan zuen lehen entrenatzailea», azaldu du Oskarrek.
Aholkurik ez
Ez die inoiz aholkurik eman. «Ez zait aholkuak ematea gustatzen. Ez diet sekula esan nola jokatu behar duten. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta horiek baliatu behar ditu».
Eta zeintzuk dira ezaugarri horiek? «Iban definitzea zaila da: kalitate apur bat zuen eta baloiari ondo ematen zion. Asier, azkarra eta borrokalaria da. Taldearekin oso konprometitua. Ez dute sekula entrenamenduetara kale egin. Hori oso garrantzitsua da. Gola falta zaie. Golak sartzeko erraztasuna nik hartu nuen, nonbait», dio Oskarrek.
Asier anaiarekin bat dator, Iban definitzeko orduan. «Baloiari ondo ematen zion, bai. Borrokalaria zen eta azkar samarra ere bai. Oskarrek esan bezala, entrenamendu guztietara joaten zen. Oskarri buruz, berriz, zer esan? Zenbat taldetan jokatu duen ikustea besterik ez dago. Gol asko sartzen zituen, buruarekin oso ondo moldatzen zen, borrokalaria zen eta nire erreferentea izan zen. Nik lehen taldearekin debutatu nuen urtean 42 gol sartu zituen. Ez dakit inoiz inork horrenbeste gol sartu ote dituen Urolarekin».
Iban biekin bat dator. «Asier oso azkarra eta borrokalaria da. Gainera, kalitatea du. Oskar ere oso borrokalaria zen eta, gainera, golak sartzeko erraztasun handia zuen».
Oskar eta Iban oso harro daude Asier Urolan egiten ari den lanaz. «Lehen taldearekin 300 partida jokatzea sekulakoa da. Lesio larriak izan ditu, gainera. Horrek klubean denboraldi asko daramatzala esan nahi du. Urola gure kluba da eta edonork ez ditu 300 partida jokatzen. Eredugarria da», aipatu du Oskarrek.
Urola Martin-Paniagua anaien bihotzeko taldea da. «Ni hemen hazi naiz», dio Ibanek. «Gurasoek eta Urolak hezi gaituzte. Hemengo entrenatzaileek gauza asko irakatsi dizkigute, klubeko jende guztia beti oso ondo portatu da gurekin eta lagun asko egin ditugu. Urola gure herriko taldea da. Gure bihotzeko taldea», azaldu du Oskarrek.
Horra hor Martin-Paniagua anaien argazki batzuk, Urolaren elastikoarekin. Lehenengo hiru argazkiak Asierrenak dira, hurrengo biak Ibanenak eta azken lauak Oskarrenak.