Bonu bakoitzak 10 euro balio du eta 30 euroko erosketa egiteko balio du. Bonuak Urretxuko udaletxean erosi behar dira, ekainaren 25a baino lehen
Urretxuko Udalak Hurren deskontu bonuen kanpaina berri bat jarri du abian. Oinarriak azkeneko osoko bilkuran onartu ziren, aho batez. Egitasmo honen helburua pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egitea da, herritarrek erosketak herriko dendetan egitea bultzatuz eta herriko familiei lagunduz.
Kanpaina berria maiatzean eta ekainean egingo da. Iazko udaberrikoaren antzekoa izango da. Bi aldaketa bakarrik daude: oraingoan ostalariek ez dute parte hartuko eta iraupena bi hilabetekoa izango da. Iraupena laburtu egin da, kanpainak uztaileko merkealdiarekin talka egin ez dezan.
Aurtengo kanpainan 3.200 bonu jarri dira salgai eta Urretxun erroldatuak daudenek bakarrik eros ditzakete. Bonu bakoitzak 10 euro balio du eta 30 euroko erosketa egiteko balio du. Bonu bakoitzak bost euroko lau txartel eta hamar euroko bat ditu. Horri esker, bonuak erosketa txikiak egiteko erabili ahal izango dira.
Pertsona bateko edo biko familia unitateek bonu bakarra eskuratu dezakete, hiru edo lau pertsonek osatutako familia unitateek bi erosi ditzakete eta bost pertsonez edo gehiago osatutako familia unitateek hiru bonu eskuratu ditzakete.
Erosketa ordutegia
Bonuak Urretxuko udaletxeko arreta bulegoan erosi behar dira, ekainaren 25a baino lehen. Bonuak udaletxean bertan (07:30etik 15:00etara) eta kultur etxean (17:00etatik 20:30era) banatuko dituzte, astelehenetik ostiralera.
Osasun krisia dela eta, bonuak kreditu txartelaren edo telefono mugikorraren bidez ordaindu behar dira.
Bonuak kanpainarekin bat egin duten dendetan erabili ahal dira. Guztietan Hurren Urretxuko Merkatariak dion pegatina jarri dute. Bonuak erabiltzeko azken eguna ekainaren 30a da. Guztiak erabiltzen ez dituztenei ez diete dirurik itzuliko. Udalak erabilpen epea luzatuko du edo herritarrek gastatu gabe utzitako dirua beste kanpaina batzuetan inbertituko du.