Datorren urteko bigarren lauhilekoan liburua aurkeztuko dute eta Realak eta Eibarrek Argixaon jokatuko dute
Gaur arratsaldean Urolaren 50. urteurreneko ekitaldiak aurkeztu dituzte. Ospakizunak datorren denboraldian izango dira. Hasteko, aurtengo irailean Antioko amabirjinari ohiko lore eskaintza egingo diote. Ondoren, Zumarraga-Urretxu txapelketa jokatuko da eta 50. urteurreneko ekipazioa eta merchandising produktuak aurkeztuko dituzte.
Datorren urteko otsailean hitzaldiak egongo dira (jokalari ohiak, emakumezkoen futbola…) eta martxoan bakarrizketa saioa eta antzerkia. Aste Santuan, urteroko moduan, Iñaki Mendiluzeren oroimenezko txapelketa jokatuko da. 25. edizioa izango denez, ohi baino talde gehiagok parte hartuko dute.
Ekainean emakumezkoen futbol partida eta herri bazkaria egongo dira. Argazki erakusketa eta haurren eguna ere egongo dira. Bukatzeko, lehendakari ohiek prestatzen ari diren liburua eta dokumentala aurkeztuko dituzte. Egun berean, Realak eta Eibarrek Argixaon jokatuko dute. Bi talde hauek Argixaoren inaugurazioan jokatu zuten, 1971ko abuztuaren 16an.
Aurkezpen ekitaldian Valentin Barrena lehendakari ohi eta batzorde antolatzaileko kideak, Vicente Quevedo batzorde sortzaileko kide eta lehendakari ohiak, Jotxin Iturbe lehendakariak, Amaia Aranburu lehendakariordeak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak parte hartu dute.
Ikusleen artean lehendakari, entrenatzaile eta jokalari ohiak egon dira. Baita Goierri kirol elkarteko, Urola eskubaloi taldeko eta Urola triatloi taldeko ordezkariak ere, besteak beste.