Zumarragarra izan da indartsuena 200 txirrindulariko tropelean. Denboraldiko laugarren garaipena du
Nicolas Alustiza zumarragarak Segurako Saria bereganatu du. Bellota-Goierriko txirrindularia indartsuena izan da eta bakarrik helmugaratu da: Aimar Erostarberi hamahiru segundo sartu dizkio eta Haimar Etxeberriari 20. Segidan bederatzi txirrindulariz osatutako tropeltxo bat eta heldu da, eta gainerako txirrindulariak aleka aleka iritsi dira.
191 txirrindulari abiatu dira. Tartean, Euskal Herriko taldeez gain, Aragoiko bi taldek eta Nanteseko batek hartu dute parte. Berritasuna da, orain arte Frantziako txirrindulari bakan batzuk etortzen zirelako baina talde osorik ez. 81 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten, sei mendate tartean. Azkar alde egin dute tropeletik bost txirrindularik. Ez dira oso urrutira joan ordea, minutu bateko errentaren bueltan ibili baitira. Liernitik hirugarren pasara egiterakoan harrapatu dituzte. Handik Ergoenera hartu dute, eta han jo du lehendabizikoz Alustizak. “Banekien hor jo behar nuela. Bidea ongi ezagutzen dut, entrenamendu guztietan hortik igarotzen bainaiz”, azaldu du. Erostarbek eta Etxeberriak harrapatu dute beherakoan, baina Lierniko azken igoera, ia gainean zirenean, berriz ere erasoa jo du eta tarte erabakigarria atera du. “Mutiloan atzera begiratu dut eta ikusi dut alde polita nuela. Hor ikusi dut irabazi nezakeela”.
Alustizak aitortu du bizikleta gainean sentsazio “oso onak” izan dituela. “Hasieran tentsio handia nabari zen, tropela oso handia zelako. Apurka jendea atzera gelditu da eta geroz eta hobeto sentitu naiz”, azaldu du. Taldekideentzako ere esker oneko hitzak izan ditu. “Oso lan ona egin dute. Ihesaldian bat sartzea lortu dugu eta horrek garaipena erraztu digu”.
Sekulako urtea darama zumarragarrak: laugarren garaipena du, eta gainerako probetan lehen hamarren artean sailkatu da. “Jarrai dezala horrela izaten”, dio irribarrea ahoan duela. Gaurkoan mendiko saria ere bereganatu du. Ampo-Ikolan Sports talde goierritarra izan da taldeka nagusi.
Sailkapena |
|||
Nagusia: | |||
1. | Nicolas Alustiza | 2:06:41 | |
2. | Aimar Erostarbe | +13″ | |
3. | Haimar Etxeberria | +20″ | |
4. | Xabier Zabala | +21″ | |
5. | Xabier Intsausti | +21″ | |
Taldeka: | |||
1. | Ampo-Ikolan Sports | 6:21:26 | |
Mendia: | |||
1. | Nicolas Alustiza | 9 puntu |