Jon Cadierno zumarragarrak 'Silencio' liburua aurkeztuko du datorren asteartean Urretxuko liburutegian. Liburu horretan bere bizitzaren berri ematen die bere aitonari eta amonari.
Isiltasuna, ia guztia bezala, ona edo txarra izan daiteke. Batzuetan hobe da isilik egotea, baina beste batzuetan hobe da esan beharrekoak esatea norberantzat gordetzea baino. Isiltasuna lasaigarria izan daiteke, baina ez bakardadearen ondorio denean. Isiltasuna gauza garrantzitsua da eta garrantzi handia izan du Jon Cadierno zumarragarraren bizitzan ere. Onerako eta txarrerako. Hala, bere azken liburuari Silencio (isiltasuna) izenburua jarri dio. Datorren asteartean Urretxun aurkeztuko du.
Cadiernoren aitonak alzheimerra izan zuen 30 urtez eta amonak zaindu zuen. Bera jaio zenerako alzheimerra nahiko garatua zuen. Galdu zuen lehenengo gauzetako bat hitz egiteko gaitasuna izan zen eta ez zuen inoiz berarekin elkarrizketa bat izateko aukerarik izan. Hala, bien artean isiltasuna nagusitu zen beti.
Cadiernoren nerabezaroan ere, isiltasuna askotan nagusitu zen. «Nahiago nuen nire identitateari eta nire orientazio sexualari buruz ez hitz egin», dio.
Egun bere identitateari eta orientazio sexualari buruz askatasun osoz eta beldurrik gabe hitz egiten du eta isiltasuna ez da behartutako zerbait, bilatutakoa baizik. «Noizean behin isiltasuna behar dut ondo sentitzeko, nire buruarekin egoteko, mundutik deskonektatzeko. Eroso sentitzen naiz isiltasunean», azaldu du.
Isiltasunak bere bizitzan izan duen garrantziagatik jarri dio Silencio izenburua bere azken liburuari, baina liburua isiltasuna urratzeko erabili du. Liburua aitonari (Ramiro Cadierno) eta amonari (Maria Anjeles Lizarralde) omenaldia da. Bere bizitzaren errepasoa egin du. Bere bizitza kontatzen die aitonari eta amonari. Ezberdin sentitzeari buruz hitz egiten die batez ere. Mundu honetako araudiarekin bat ez etortzeagatik sortzen diren zalantzei eta beldurrei buruz. Hausnarketa sakon bat da.
Aurkezpen ekitaldia
Datorren asteartean liburua Urretxuko liburutegian aurkeztuko du. Ekitaldia 19:00etan izango da. Joan nahi dutenek gonbidapena eskatu behar dute liburutegian bertan.
Cadiernok ez du orain arte liburua aurkezteko aukerarik izan eta asteartea iristeko irrikan dago. «Ilusio handia egiten dit liburua Urretxun aurkezteak. Aurkezpenean elkartzen garenok hitz egiteko eta hausnartzeko aukera izango dugu. Gasteizen ere aurkeztu nahi dut, bertan bizi izan bainintzen eta bertako lagunekin elkartu nahi baitut. Egun Madrilen bizi naiz eta Madrilen aurkeztea zailagoa da, baina bertako bi liburu-dendetan salgai jarri dut. Bestalde, ikastetxeetan liburua irakurtzea eta aurkeztea gustatuko litzaidake», amaitu du.