Urretxu eta Zumarragako udalek haurrentzako udako eskaintza antolatu dute 2010 eta 2015 urte artean jaiotako haurrentzat
Urretxu eta Zumarragako udalek haurrentzako udako eskaintza antolatu dute 2010 eta 2015 urte artean jaiotako haurrentzat. Egitasmo honen helburua bi herrietako haurrei udako oporraldian aisialdi tailer hezitzaileak eta dibertigarriak eskaintzea da.
Tailer guztiak koronabirusak sortu duen osasun egoerara egokitutakoak izango dira. Jarduera uztailaren 5etik 23ra bitartean egingo da, 10:00etatik 13:00etara eta hiru txandatan. Lehen txanda uztailaren 5etik 9ra izango da, bigarrena 12tik 16ra eta hirugarrena 19tik 23ra. Haur bakoitza txanda bakarrean arituko da.
306 haur
Gehienez 102 plaza daude txanda bakoitzean. Txanden adjudikazioa izen ematearen ordenaren araberakoa izango da. Izena emateko epea astelehenean ireki zen eta hilaren 31n itxiko da. Parte hartzaile bakoitzak 10 euro ordaindu behar du.
Izen ematea hiru modutara egin daiteke. Izena Internet bidez eman nahi dutenek Urretxuko eta Zumarragako udalen webguneetara jo behar dute: urretxu.eus eta zumarraga.eus. Posta elektronikoz ere eman daiteke izena, gazteria@zumarraga.eus helbidean edo kultura.ur@urretxu.eus helbidean. Azkenik, Urretxuko eta Zumarragako kultur etxeetara ere jo daiteke: Urretxukora astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta Zumarragakora 15:00etatik 18:00etara, ostegunetan ezik. Behin izena emateko epea amaituta, onarpen prozesua egingo da.