Pentsiodunek 17:30ean Eitzara bizikletekin joateko deia egin dute
Gipuzkoako pentsiodunek bizikleta martxa antolatu dute pentsio duinen alde eta murrizketen aurka. Gaur Goierri zeharkatzen ari dira. Arratsaldean Urretxu eta Zumarragara helduko dira eta gaua bertan pasako dute. Bihar Bergarara abiatuko dira.
Atzo abiatu ziren Errenteriatik. Gaur Tolosatik Zumarragarra joango dira, bihar Zumarragatik Bergarara, etzi Bergaratik Debara, ostiralean Debatik Usurbilera eta larunbatean Usurbiletik Donostiara. Bertan, manifestazioa egingo dute. 17:00etan abiatuko dira Alderdi Ederretik.
Pentsiodunak herrietan geldialdiak egiten ari dira, herritarren elkartasuna eta babesa jasotzeko. Gainera, nahi duten guztiek, txalo egiteaz gain, beraiekin kilometro batzuk egiteko aukera dute. Bizikleta martxako kideak Eitzatik etorriko dira Urretxu eta Zumarragara. Herriko pentsiodunek 17:30ean Eitzara bizikletekin joateko deialdia egin dute. Bizikleta martxakoekin elkartuko dira eta beraiekin Areizaga-Kalebarrenera jaitsiko dira. Herritar guztiak gonbidatuta daude.