Ikuskizun honetako protagonistak emakumeak eta natura dira
Maite Arbonies margolari zumarragarrak eta Amaia Iturriotz bertsolari urretxuarrak emakumeek eta naturak sufritzen duten indarkeria salatu dute Lurretikan lanean. Proiektu honek Arteria Plataformaren lehen saria irabazi zuen pasa den otsailean eta igandean Oiangu parkera eraman zuten, ikuskizun formatuan. Bisitariei esperientzia sentsorial eta poetikoa eskaini zieten, hiru saiotan.
Arboniesek eta Iturriotzek aspalditik ezagutzen dute elkar. «Maitek bere bidaietan ikusten duen guztia arkatzez marrazten du eta, tartean, emakumeen marrazkiak zituen eginak. Bere inguruko emakumeak ere marraztu zituen. Indarra emateko, marrazkiei akuarela gehitu zien. Hitzaren bila, niregana jo zuen», azaldu du Iturriotzek.
Urretxuko bertsolariak Zumarragako artistaren marrazkiei koplak gehitu zizkien. «21 marrazki ziren eta marrazki bakoitzari kopla bat jarri nion. Emakume bakoitzari kopla bat eskaini nion».
2018an marrazkiak eta koplak Zumarragako kultur etxean erakutsi zituzten. Aurten, berriz, Arteria Plataformaren deialdira aurkeztu dituzte. Egitasmoak lehen saria lortu zuen. «Arteriakoek harago joatea proposatu ziguten. Hala, lanak handitu egin ditugu eta erakusketa naturara eraman dugu. Igandean ibilbide bat egin genuen, kantuan», aipatu du Urretxuko bertsolari gazteak.
Oso gustura daude jasotako erantzunarekin. «Oso gustura gaude igandeko ikuskizunarekin. Ikusleek asko gustatu zitzaiela esan zuten. Hasierako egitasmoaren oso ezberdina da. Esperientzia bat da, erakusketa bat baino gehiago», azaldu du Iturriotzek.
Hurrengo emanaldia Urretxun egingo dute. «Hurrengo saioa Urretxun izango da, seguru aski. Hori ere naturan izango da. Eta ondoren, Goierriko beste hiru herritara joango gara».