Ekainaren 1etik aurrera asteartero elkartuko dira, 15:00etan Areizaga-Kalebarren plazan. Bikoteka edo hirunaka paseatuko dute, aurrez ezagutzen ez dituzten bizilagunekin
Maiatzaren 21ean, Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunean, Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak Aniztasunaren Jaia antolatu ohi du. Bigarren urtez jarraian, pandemia dela eta, jai hori ezin izan da antolatu. Horren ordez, Mahaia osatzen duten pertsona eta erakundeek hainbat jarduera seguru antolatuko ditu, kolektibo desberdinetako bizilagunen arteko elkar ezagutza eta topaketa sustatzeko. Horietako lehena Elkarbide paseoak dira.
Jarduera hori ekainaren 1ean jarriko da martxan. Asteartero 15:00etan Areizaga-Kalebarren plazan elkartuko dira ibiltzeko eta lagun berriak egiteko. Paseoek ordu beteko iraupena izango dute. Nahi duten herritar guztiek parte har dezakete.
Kohesioa
Egitasmo honen helburua kolektibo ezberdinek elkar ezagutzea eta bakardadeari aurre egitea da. «COVID-19aren epidemiak isolamendu eta nahi gabeko bakardade egoerak areagotu dituela nabaritu dugu, baita kolektiboen arteko hermetismoa ere», adierazi du Monica Leiva Mahaiko dinamizatzaileak.Paseoak seguruak izango dira. «Zoritxarrez, kohesio soziala eta gure osasun mentala eragina jasaten ari dira. Izan ere, azken urtean topagune asko galdu ditugu, eta beldurrak eta ziurgabetasunak isolatzera garamatza. Horregatik, garrantzitsutzat jo dugu aire zabalean sozializatzeko aukera berri bat diseinatzea eta martxan jartzea, segurtasun-araudi guztiak beteko dituena eta, aldi berean, etxetik irtetea eta ustekabeko topaketak bultzatuko dituena».
Dinamika erraza da: parte-hartzaileak eta dinamizatzaileak topagunean bildu ondoren, bikoteka edo hirunaka elkartuko dira paseoa hasi aurretik. Baldintza bakarra egun horretako ibilbidea aurrez ezagutzen ez duten norbaitekin partekatzea da. «Elkarbide itsu-itsuan egindako hitzordu moduko bat da, aisialdirako aukera segurua, pertsona berriak ezagutzeko, elkar entzuteko eta astean ordubete partekatzeko. Talde txikietan eta maskara jantzita paseatzea segurua da eta ibilbideak gure herritarren aniztasun fisikoa eta funtzionala kontuan hartuta pentsatu dira».
Jarduera doakoa da eta nahi duten guztiek parte har dezakete. Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian inplikatutako norbanako eta kolektibo ezberdinen babesa eta parte hartzea izango du. Parte hartzeko, hobe da aldez aurretik tokia erreserbatzea. Horretarako, Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako 943 03 80 83 telefono zenbakira deitu behar da edo aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi. Areizaga-Kalebarren plazan ere izena eman ahal izango da, jarduera hasi aurretik.