ZUbertsotan bertso eskolak hasitako katearen hamabigarren kate-begia Gorka Ojangurenek osatu du, gitarra lagun hartuta, askatasunari jarritako bertsoekin.
ASKATASUNA
· Doinua: Redemption song (Bob Marley)
· Egilea: Gorka Ojanguren Torres
Askatasuna, hitz ederra,
orain piztu gero itzaldu,
gaur neoizko argitan dena
ahal da erosi ta saldu,
ordaintzen bada, jabe gera
beste guztiak igual du.
Salbuespen egoera hontan
nor dago ordea salbu?
Batzuentzat murrizten dena
besteentzako zabaldu,
askatasunak guztiontzat
esanahi berbera al du?Zentzua ere aldatzen baita
segun ta zeinen ahotan
nirea eta guztiona
sartzean norgehiagokan.
Nahiz ta hala ikasi nuen
behinola nik mutikotan:
denona izan behar duela
osoa izatekotan
orain ez dakit aske naizen
kontraesanekin borrokan
edo preso nagoen nire
ziurtasunekin lotan.Madrilgo kaleak gainezka
hauteskunde ekaitzetan
“Ay usoak” libertadetan
ta ay otsoak elizetan”
Begirada jarri ezkero
jendean eta emaitzetan
nik ez dakit non galtzen naizen
hizkuntzan edo hitzetan?
Askatasunik ez badago
lanean zein bizitzetan
beti bilatu dezakegu
garagardo baten bitsetan.Hemen zaintzak erdigunera
ta ongizate komuna
Amazonek ezin du egin
ama zanak egin zuna!.
Agerian geratu bada
denon zaurgarritasuna,
elkarren beharretik hasi
genezake erantzuna,
Berdin ulertzen ez badugu
jabetza eta ondasuna
“norberak nahi duena” ezin
da izan askatasuna.