1936ko gerraren ondoren etorri zen Euskal Herrira, frankisten jazarpenetik ihesi
Felicia Gutierrez Diez zumarragarrak 100 urte bete ditu gaur. Zumarragako Udalak lore sorta eta oroigarri bat oparitu dizkio.
Felicia palentziar jatorrikoa da. Bere familia Durruelo de Santullan eta Aguilar de Campoo artean dagoen herrixka batekoa da. Bere aita meatzaria zen, Leongo Valderrueda herrira bidali zuten lanera eta Felicia han jaio zen. Gerraren ondoren Zumarragarra etorri zen, frankismotik ihesi.
Izan ere, bere familia Errepublikaren aldekoa zen eta gerran eta gerra ondoren oso gaizki pasa zuten. Gerran, Gijonen itsasontzi bat hartu zuten Bordelera ihes egiteko, baina Frantziak ez zituela Errepublikaren aldeko gehiago hartuko esan zuen eta Bartzelonan bukatu zuten. Metroan lo egin beharra izan zuten, Errepublikaren aldeko familia batek hartu zituen arte. Gerra ondoren jaioterrira itzuli ziren, baina hamabostean behin Guardia Zibilaren kuartelera joan beharra zuten eta jazarpen horretatik ihesi Zumarragara etorri ziren. Bere jaioterria maite duen arren, Zumarragara etortzea liberazioa izan zela esaten du beti.
Zumarragan Agustin Agirre alkatearen etxean eta Aparizio sendiaren etxean lan egin zuen. Baita Iburreta jatetxean ere. Lau seme-alaba izan zituen. Bost biloba ditu eta aurki laugarren birbiloba edukiko du.
Bere zaletasun nagusia irakurtzea zen, baina dagoeneko ikusmena gaizki du horretarako. Biografiak irakurtzea gustatzen zitzaion, bereziki. Egun, denbora-pasak egiten ditu. Batez ere, letra zopak. Burua oso ondo du eta bere bilobei asko gustatzen zaie bere gaztaroko pasarteak entzutea. Errepublika garaiko hezkuntza goraipatzen du beti.