Xabier Zaldua kirolari zumarragarrak aizkora eta sega apustua jokatuko du ekainaren 26an Azpeitian, Julen Gabirondo urnietarrarekin. Zaldua lehenengoz lehiatuko da segarekin.
Xabier Zalduak herri kirolak maite dituela esan du beti eta esandakoa egia dela ekintzekin erakutsi du. Aizkorarekin hasi zen, euskal pentatloiaren berpiztearen arduradunetako bat izan da eta, orain, segan egin behar du. Ekainaren 26an, 17:30ean, apustua egingo du Julen Gabirondorekin Azpeitian, segarekin eta aizkorarekin. Kanaerdiko 20 enbor ebakiko dituzte eta ondoren ahal duten belar guztia moztuko dute, bi orduko lana osatu arte. Belar gehien mozten duenak irabaziko du. Bakoitzak 6.000 euro jarriko ditu jokoan.
Aspalditik zuen segarekin aritzeko gogoa. «Sega gustukoa dut. 16-17 urterekin dezente egiten nuen segan etxean. Hemen dena aldapak dira eta sega beharrezkoa da. Nire lagun Aitor Prietorekin aritzen nintzen. Aizkoran hasi nintzenean aizkorekin eta segarekin apusturen bat egitea nuen buruan. Pentatloian aurkari gogorrena segalaria suertatu da. Pentatloia irabazi ondoren irratikoek etorkizuneko asmoen inguruan galdetu zidaten eta, besterik gabe, beharbada aizkora eta sega uztartuko nituela erantzun nuen. Irratikoek kontuan hartuko dugu esan zidaten eta beste batek ere kontuan hartu zuen…».
Akordioa
Zortzi bat egunetara Gabirondoren kuadrillakoen deia jaso zuen. «Apustu bat egiteko prest zeudela esan zidaten. Eguna eta ordua jarri genituen, baina ez ginen konpondu. Beraiek egur guztiak aukeratu nahi zituzten. Olasagastik eta Erasunek egin zituzten apustuetan enbor guztiak segalariak eraman zituen, baina Olasagasti aizkolari txapelduna zen. Ni pentatloilari txapelduna naiz, ez aizkolari txapelduna. Egur guztiak ematea abantaila handia ematea iruditu zitzaidan. Handik 20 bat egunetara berriro deitu zidaten eta akordio batera heldu ginen: beraiek 16 egur eramango dituzte eta nik lau bakarrik, baina zelaia nik aukeratu dut».
Zalduak ez du enbor gogorrik eramateko asmorik. «Jendea egur gogorrak eramatea komeni zaidala esaten ari da, baina lana gogortzea ez zaio inori komeni. Bi ordu izango dira. Lan oso handia. Bi ordutan asko sufritu daiteke maliziarekin joanez gero eta ez dut asmo hori. Logikak berak ere egur ona eramango duela dio. Berak denbora gehiago nahiko du segarako aizkorarako baino eta nik alderantziz, baina horrek ez du esan nahi nik aizkoran ordu eta erdi eman nahi dudanik. Segan egiteko asmoa dut. Erdi eta erdiko apustua irtengo balitz, biontzako ondo».
Zelaiari dagokionez, Zalduak aukeratu du. «Nire nahi bakarra txapelketetan erabiltzen diren zelaietatik kanpo aritzea zen. Zergatik? Berak zelai horiek ondo ezagutzen dituelako: badaki belar astuna non dagoen, belar arina non dagoen, zuloak non dauden… Aizkorarekin amaitu ondoren, belar astunena dagoen tokira joan behar da eta zelaia ondo ezagutzen baduzu, zuzenean hara joango zara. Apustua Benteroko zelaian egingo dugu, Azpeitian. Añota sagardotegiaren ondoan dago, Urrakira bidean. Irisgarritasun aldetik ere zelai egokia iruditu zitzaigun, nahiz eta ez dakigun oraindik jendeak joaterik izango duen». Ikuslerik ez badago, galtzaileak diru asko galduko du. «Horrelako apustu bat egiteko diru asko gastatu behar da: bi kamioi egur, gasolina, aizkoren prestaketa, entrenatzaileak, masajistak, dietistak… Diru hori berreskuratzeko adina ikusle biltzea gustatuko litzaiguke».
Laguntzaileak
Zaldua lehenengoz lehiatuko da segarekin. «Sega aipatu nuenean, etxean beldurtu egin ziren. Izan ere, guretzako mundu berri bat da eta segak ospe txarra izan du. Sega munduan aritutako lagun handi batek bi laguntzaile aholkatu zizkidan eta beraiengana jo dut: Bixente Mitxelenarengana eta Juan Mari Agirrezabalarengana. Ikaragarri ari dira laguntzen, lehenengo unetik. Belarra topatzeko zailtasunak izan ditugu, otsaila-martxoan ez baita belarrik egoen, baina moldatu gara: batean Zumaiara, bestean Aiara…».
Inoiz jokatu duen apustu gogorrena izango dela dio. «Jendeak aizkoran aldea aterako diodala eta gero berak alde hori jateko aukera izango duela dio. Nire ustez, ez da alde handirik egongo, ez aizkoran eta ez segan».
Hilabeteak daramatza entrenatzen. Lehen proba urrian egin zuen, apustua lotu aurretik. «Prestatzaileek ezin didate lagundu segan ideiarik ere ez badut. Segan banekiela ikusi zuten eta abendutik hona astero hiru entrenamendu egin ditut segarekin. Azkar, asko eta ondo egin beharra dago. Gaizki mozten baduzu, 20 kiloko penalizazioa duzu. Ez du balio azkar lan egin eta ez moztea. Lehen bai. Lehen gainetik mozten zuten eta ondoren belar biltzaileek eskuarearekin gehiago mozten zuten segalariak segarekin baino. Baina herri kirolak, orokorrean, lehen baino askoz ere garbiagoak dira. Lehen baino diru gutxiago jokatzen delako, neurri batean».
Ekainaren 26ko probaren ondoren, sega alde batera utzi eta pentatloira itzuliko da. «Banakakoa irailean izango da eta abenduan toki estalian egiteko asmoa dago. Parte hartzeko asmoa dut, baina ez naiz ezer esaten ausartzen. Izan ere, azarotik ez dut bola bakar bat lepora jaso. Lehen asko kostatzen bazitzaidan harria jasotzea, aizkoran eta segan hain gogor aritu ondoren… Ikusi egin behar, ahal dudan edo ez dudan. Txapelduna naiz. Aurten nire burua ondo ikusten ez badut, nahiago dut ez joan eta datorren urterako ondo prestatu».