Hileko azken larunbateroko hitzorduari eutsi dio Osasun Zentroa 24/7 plataformak, eta manifestazioak bi herrietako kaleak zeharkatu ditu. Plataformak aldarrikapen banderak ere kaleratu ditu, balkoietan eta leihoetan jartzeko.
Osasun Zentroa 24/7 plataformak deituta, manifestazioa egin dute gaur eguerdian Urretxuko eta Zumarragako kaleetan zehar, Etengabeko Arreta Gunea bere ohiko ordutegira itzuli dadin eskatuz, hau da, asteko zazpi egunez, eguneko 24 orduz. Manifestazioa 12:00etan atera da Areizaga-Kalebarren plazatik, eta bertan amaitu da ia ordu bete beranduago. Zumarragako anbulatorioaren aurrean, bertako langileen babesa jaso dute.
Plataformak 2020. urtearen amaieran aurreikusi zituen mobilizazioekin jarraitzen du. Hala, hileko lehen eta hirugarren asteazkenetan elkarretaratzeak egiten ditu 18:00etan anbulatorioaren ondoan, eta hileko azken larunbatean, manifestazioa.
Bestetik, balkoietan eta leihoetan jartzeko bandaerak kaleratu ditu plataformak, Zumarraga PAC abierto 24/7 EAG irekita leloarekin. Makina bat lekutan ikus daiteke dagoeneko aldarrikapen mezu hori.