Loidi tailerrak egin du pieza berria, eta doan eskaini dio Zumarragako herriari
Izazpi mendiak gurutze berri bat du atzotik. 19027ko maiatzaren 15ean inguruko baserritarrek Zumarragako lurretan ipinitako metalezko gurutze txikia oso hondatuta zegoela-eta, kendu eta haren ordez Loidi galdarategian egindako gurutze berria jarri dute, altzairu erdoilezinezkoa.
Urteetan gurutze zaharraren mantentze lanez arduratu zen Jose Roman Urkiola, Jose Antonio Larrañaga eta Loidi tailerreko Juan Luis Elizondoren ekimena izan da. Loidi tailerrak dohainik eman dio gurutzea Zumarragako herriari. Irudian, hiru lagunak ikus daitezke tailerreko bi langilerekin batera, gurutze zaharra kendu eta haren ordez berria jarri ondoren. Pieza zaharra tailerrera jaso dute, eta aztertu ondoren, aurretik beste gurutze bat egon zela zioen inskripzio bat aurkitu dute; hura egurrezkoa omen zen, eta tximista batek jota erre zen.
Izazpi mendi kuttuna da zumarragarrentzat, eta gurutze txiki honez gain, badu beste bat, handiagoa, baina Ezkioko lurretan; horren mantentze lanak, ordea, zumarragarren ardura dira. Bi gurutzeen artean, Zumarraga, Azpeitia eta Ezkio arteko mugarria dago.
Gurutze berria jarri eta gero, ingurua txukundu nahi dute orain, eta aisialdirako gune bihurtu, eserlekuak jarrita.