Urola Eskubaloi Taldeak antolatu du, Iker Serrano eta Imanol Gartziandia jokalari profesionalen laguntzarekin. Izena eman daiteke dagoeneko.
Urretxuko eta Zumarragako Urola eskubaloi taldeak campusa antolatu du. Uztailaren 5etik16ra egingo dute, Ispilla kiroldegian. 2010, 2011, 2012 eta 2013an jaiotakoak 09:30etik 11:00etara arituko dira eta 2007, 2008 eta 2009an jaiotakoak, 11:30etik 13:00etara. Eskubaloia ezagutzeko eta kirol honetaz gozatzeko aukera edukiko dute, entrenatzaile eta begirale tituludunen eskutik.
Eskubaloiko oinarri tekniko eta taktikoez gain, elkarbizitza landuko dute. Bizi ohitura osasuntsuen garrantzia ere azpimarratuko dute, kirolaren eta elikaduraren eskutik. Gainera, parte hartzaile guztiek kamiseta bana jasoko dute opari. Egitasmo honek Iker Serrano eta Imanol Gartziandia jokalari profesionalen laguntza du. Bi jokalariek campusa bisitatuko dute.
Izen-ematea
Parte hartu nahi dutenek 669 345 967 telefono zenbakira Whatsapp mezu bat bidali behar dute, edo urolake@gmail.com helbide elektronikora idatzi. Klubeko jokalariek eta bazkideen seme-alabek 60 euro ordainduko dute. Gainontzeko guztiek, 70 euro. Bi udalen laguntza duen campus honek koronabirusaren aurkako protokoloa beteko du.