Pep Rekejo artista urretxuarrak haurrek buruhandiei dieten beldurrari buruzko erakusketa ireki du Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Hilaren 13ra arte egongo da ikusgai.
Zelai Arizti kultur etxea 2008an ireki zen. Ordutik, hamaika erakusketa egin dira bertan. Atzo ireki zena bezalakorik ez, ordea. Lehenengoz, beldurra ardatz duen erakusketa bat egingo da. Pep Rekejo artistak prestatu du eta Panico basico (oinarrizko izua) du izenburua.
Erakusketa honek haur batzuek buruhandiei dioten beldurra du oinarri. «Buruhandiak jaiekin lotuta daude eta, beraz, alaitasuna ekarri beharko lukete, baina haur batzuek sekulako beldurra diete».
Erakusketak Rekejok umetan bizitako gertaera batean du jatorria. «Buruhandiek haurrengan pizten duten izua gertutik ezagutu dut. Umetan udaleku batzuetara joan nintzen eta Arrasateko lagun bat egin nuen. 10-11 urte genituen. Udalekuetako azken egunean begiraleek festa bat antolatu zuten. Jolasak antolatzeaz gain, buruhandiak ekarri zituzten. Arrasateko nire laguna niregana gerturatzen zen, heldu egiten ninduen… eta nik ez nuen ulertzen zer gertatzen zitzaion. Halako batean beldur handia zuela konturatu nintzen: sastraka batzuen atzean ezkutatu ginen eta gainean txiza egin zuela ikusi nuen».
Gertaera hark arrastoa utzi zuen. Rekejok askotan gogoratu du udaleku haietan gertatu zena. «Buruhandiak ikusten ditudan bakoitzean, gertaera hura gogoratzen dut eta haurren portaera aztertzen dut. Beldur gehien dutenak haur txikiak dira, baina zaharragoak diren batzuk ere izua diete buruhandiei».
Halako batean, gai horri buruzko lan bat egitea erabaki zuen. «Erakusketan hiru gune daude. Lehenengoa, 1×1 metroko 16 horma-irudik osatzen dute. Zortzi beira-zuntzarekin eginda daude eta beste zortziak passe-partout gainean egin ditut. Lan guztiak buruhandiak egiteko erabiltzen diren materialekin egin ditut: beira-zuntza, sokak, pintura, sokak… Beira-zuntzarekin egin ditudan lanek kutsatutako gunea osatzen dute. Gune beltza. Buruhandien alde iluna. Hori dela eta, beira-zuntza beltzez zikinduta dago. Material horren gainean buruhandien sortze prozesua erakusten duten argazkiak jarri ditut».
Beira-zuntzarekin egindako lanetatik hari batzuk ateratzen dira. Hari horiek beira-zuntzarekin egindako lanak passe-partout gainean egindako lanekin lotzen dituzte. Azken hauek zuriak dira. Haurren burua irudikatzen dute. Oraindik kutsatu gabe dagoen burua. Erakusketaren alde horretan buruhandiek izututako haurren argazkiak jarri ditut, besteak beste», azaldu du Rekejok.
Ibarzabalen laguntza
Orratzez jositako begiko niniak ere jarri ditu. «Haurrak alde guztietara begira egoten dira, buruhandiek harrapa ez ditzaten. Eta orratzek haurren larrialdia irudikatzen dute».
Buruhandi beldurgarri bat ere jarri du. «Mikel Ibarzabalen laguntzarekin egin dut. Berari esker borobildu ahal izan dut erakusketa hau». Zelai Arizti parkera eta kultur etxera joateko ohitura duten haur asko erakarriko dituen erakusketa beldurgarria.