Liburutegian izango da, astearte arratsaldean. 'No me quedaré aquí' nobelako protagonista nerabe bat da. Aurkezpena liburutegiaren 50. urteurreneko ekitaldien barne antolatu dute
Nuria Ramos Calvo urretxuarrak bere lehen nobela aurkeztuko du datorren asteartean Urretxuko liburutegian. Ekitaldia liburutegiaren 50. urteurreneko programaren barne antolatu dute eta 19:00etan hasiko da. Liburuaren izenburua No me quedaré aquí da. Protagonista munduan bere tokia bilatzen ari den nerabe bat da. Ramosek nerabezaroan dauden bi seme ditu.
Betidanik gustatu zaio irakurtzea eta idaztea. «Egun ez dugu komunikatzeko inongo arazorik. Edozein unetan mezu bat bidali diezaiokegu edonori. Baina nerabea nintzenean ez zen hala. Udan Urretxu ia hutsik gelditzen zen eta herrian gelditzen ginenok asko aspertzen ginen. Hala, beraien gurasoen jaioterrietan oporrak pasatzen ari ziren lagunei gutunak idazten nizkien. Asko idazten nuen», oroitu du.
Ondoren, bere buruari idazteari ekin zion. «Barrenak husteko modu bat zen. Aita hil zenean berriro ekin nion. Mesede egin zidala uste dut».
Lagun batek bultzatuta
Halako batean, besteentzako idazteari ekin zion. «Lagun batek Facebook-en jarri nuen testu bat ikusi zuen eta bere ilobari bere urtebetetze egunean oparitzeko baimena eskatu zidan. Testua ez zen nirea eta, nahi bazuen, bere ilobarentzako zerbait idatziko nuela erantzun nion. Idatzi nuena asko gustatu zitzaion eta hurrengo urtean beste testu bat idatzi nuen bere ilobarentzako. Liburu bat idatzi behar nuela esan zidan eta egun batean niretzako koaderno handi batekin azaldu zen. Hala, istorio bat idazten hasi nintzen. Kosta egin zitzaidan, baina bukatzea lortu nuen».
Bere liburuko protagonista nerabe bat da. «Arazo asko dituen nerabe bat da. Aurrera egin behar dela da liburuaren mezua. Ez garela gustura ez gauden tokian gelditu behar».
Ez zuen liburua argitaratzeko asmorik. «Nire erronka liburua amaitzea besterik ez zen, baina ondoren lagunei oparitzea ondo egongo litzatekeela pentsatu nuen. Pandemiarekin bidaiatzerik izan ez dudanez, nire buruari opari hori egitea erabaki nuen», azaldu du.
100 ale bakarrik argitaratu zituen, senitarteko eta lagunentzat, eta gehiago argitaratu behar izan ditu. «Facebook-en liburu bat argitaratu dudala idatzi nuen eta hurrengo egunerako 80 eskari baino gehiago nituen. Irakurtzeko ohitura dutenen beldur nintzen, baina kritika onak jaso ditut. Bestalde, irakurtzeko ohiturarik ez dutenek oso gustura irakurri dutela esan didate», aipatu du.
Orain, liburua aurkezteko ordua heldu da. «Ilusio handia egiten dit Urretxun aurkezteak. Alde zaharrekoa naiz, gainera».