Mikel Lizarralde (Zumarraga, 1970) Zumarragako musika bandako eta Goiargi abesbatzako kidea, parrokiako koruko zuzendaria eta parrokiako organo-jotzailea da.
Zumarragar petoa zara.
Bai, baina Beasainen jaio nintzen. Hankak aurretik nituela ateratzea bururatu zitzaidan eta ama Beasainen zegoen klinikara eraman behar izan zuten.
Ze ikasketa egin zenituen?
Nire familian lehengusuok anai-arrebak bezalakoak gara. Etxeko txikiena nintzen eta lehengusuei eskolara laguntzen nien, amarekin. Behin, barrura sartu nintzen. Gelditzen utzi zidaten eta, hala, Haur Hezkuntzan ohi baino hilabete batzuk gehiago egin nituen. Mertzedarietan ikasi nuen irakurtzen eta idazten. Handik Zelai Arizti ikastetxera joan nintzen. Ondoren, institutura. Donostian Turismo ikasketak hasi nituen, baina azkenean harreman publikoak eta administraritza ikasi nuen.
Non lan egin duzu?
Ikasketak 1994an bukatu nituen. Eskolan bertan, esneki batzuen promozioa egitea eskaini zidaten. Ondoren, Urola kooperatiban lan egin nuen, administrari postuan. Ia 10 urte eman nituen bertan. Ondoren, marmola eta granitoa inportatzen eta esportatzen zituen Usurbilgo enpresa batean lan egin nuen. Itzultzaile lana nuen. Golkoko krisiaren eraginez, kaleratzeak egon ziren eta enpresan sartzen azkenak irteten lehenak izan ginen.
Egun, gizonezkoen arropa-denda duzu.
Moda beti gustatu zait eta horretan hasi nintzen. Duela 16 urte ireki nuen denda. Hobeto egon naiz, baina okerrago ere bai. Egun, eustea tokatzen da.
Zumarragarrak eta urretxuarrak dotoreak al dira?
Bolada kontua izaten da. Urte batzuetan kirol arropa denetarako erabili izan dugu. Azken urteetan jendea dotoreagoa janzten da. Gazteak oso dotore janzten dira. Orraztu egiten dira, kolonia erabiltzen dute… Jendeak geroz eta gehiago lantzen du irudia.
Merkataria zara ofizioz, baina musikaria debozioz. Familiatik datorkizu zaletasuna, ala?
Bai. Aita Urretxuko txistulari taldeko kidea izan zen eta amak eta izebak musika ikasi zuten. Ni 6-7 urterekin hasi nintzen solfeoan, Maite Francoren etxean. Ondoren, Javi Fernandezen etxera joan nintzen. Nire lehengusu Javierrek eta biok Fernandezekin hasi genituen piano ikasketak. Ondoren, musika eskolan hasi nintzen. 5. mailan utzi nituen piano ikasketak. Nire aitona Ramon Esnaolaren oso laguna zen eta Ramonek musika bandara joateko esaten zidan beti. Berak klarinetea jotzen irakatsiko zidala. Hala, klarinetea jotzen ikasi nuen. Ramon oso pertsona ona zen: bere etxera eramaten ninduen, bere tramankulu guztiak erakusten zizkidan… Niretzat, aitona bat gehiago izan zen.
Hala, bere eskutik, musika bandan hasi zinen.
14 urterekin sartu nintzen eta hor jarraitzen dut. Dagoeneko beteranoenetakoa naiz.
Nola ikusten dituzu bandako gazteak?
Oso konprometituta daude. Beste mila saltsatan sartuta daude (bertso eskola, kirola, ikasketak…) eta beti dute tartetxo bat bandarentzat. Ostiral gauetan, entrenamenduaren ondoren, ogitarteko bat afaldu eta bandaren entsegura joateak sekulako meritua du. Nik ez nuen halako konpromisorik. Gainera, oso jatorrak dira. Guri ez zitzaigun bandaren afarietara joatea gustatzen eta beraiek dena uzten dute afarietara joateko. Horrek guztiak sekulako poza ematen dit, horri esker bandak aurrera jarraituko baitu.
Goiargi abesbatzako kidea ere bazara.
1992tik. Abeslari bezala, parrokiako abesbatzan hasi nintzen. Parrokiako abesbatza 1984an sortu zen. Parrokian laguntzen nuenez, abesbatzan abestu beharra nuela iruditu zitzaidan. Nire lehengusu Javier eta biok elkarrekin hasi ginen. Denetara elkarrekin joaten ginen. Koruko kide batzuk Goiargin ere abesten zuten eta inbidia pixka bat ematen zidan, baina lotsa ematen zidan Goiargikoengana jotzeak. Beraien jarraitzailea nintzen eta ez nuen nire burua abeslari ontzat nuela pentsatzea nahi. Baina Sevillako Expora joatekoak ziren eta jendea behar zuten, beraietako batzuk lana uzteko arazoak baitzituzten. Nik beraiengana jo beharrean, beraiek jo zuten nigana. Zerua ireki zitzaidan.
Goiargiren etorkizuna musika bandarena baino beltzagoa da.
Bai. Parrokiako abesbatzan eta Goiargin ez dago jarraipenik, baina beti egon dira krisiak. Gizonezkook errazago uzten ditugu gauzak emakumezkoek baino. Goiargiko emakume gehienak hasieratik daude. Eta parrokiako abesbatzan 80 urtetik gorako emakumeak daude.
Parrokiako organista ere bazara.
Parrokiako musikari lanak herentziaz jaso ditut. Lehen Don Antonio Rey zen abesbatza zuzendu eta organoa jotzen zuena. Organistek beraien organoa ez diote inori uzten eta Don Antonio ere halakoa zen. Javierrekin oso harreman estua zuen eta abesbatzaren lana jazteko, Javierri organoa jotzen utzi zion. Ni, berriz, komodina nintzen: Javier ez zegoenean jotzen nuen. Baina oso urduri jartzen nintzen eta oso gaizki jotzen nuen. Elizbarrutiak organista laguntzaile izateko ikastaro batzuk antolatu zituen eta Don Juan Jose Garmendiak joatea gomendatu zidan. Ikastaroak Elizondok eta Azkuek eman zituzten: hemengo izar handiek. Oso ikastaro baliagarriak izan ziren.
Nolatan hartu zenuen parrokiako musika lanen lekukoa?
Parroko berriak larunbatetako mezan ere organoa eskatu zuen eta Don Antoniok ezetz erantzun zion. Hala, larunbatero jotzen hasi nintzen. Ondoren, pixkanaka, Don Antoniori lekukoa hartu nion. Ospitalean zegoenean, Esteban Barrena eta Luis Mari Segurola parrokoa nigana bidali zituen, dena nire esku uzten zuela esateko. Ondo pentsatzeko esan zidaten, lotura zela, baina ez nuen asko pentsatu: Zumarragan bizi nintzen, ez nuen alde egiteko asmorik eta ezingo nintzen etxean lasai egon parrokian nire beharra zutela ikusita. Egun, larunbatetako eta igandetako mezetan, Gabonetan, Aste Santuan eta hiletetan jotzen dut. Abesbatzak, berriz, Gabonetan, Aste Santuan, herriko festetan eta hiletetan abesten du.
Hildakoen familiek biziki eskertzen dute hiletetan egiten duzuen lana.
Herriko familia guztiek hori merezi dutela uste dugu. Hileta batera joateko denda itxi beharra badut, denda ixten dut. Abesbatzako kideek egiten duten ahalegina txalotzekoa da. Urte hauetan guztietan Lurdes Pozuetak eta nire lehengusu Javierrek eskaini didaten laguntza ere eskertzekoa da.
Beste zaletasunik ba al duzu?
Lehen asko joaten nintzen mendira. Larunbata Urretxuko familiaren eguna zen. Hasieran aitona-amonengana joaten ginen, gero amonarengana eta azkenik osabarengana (Iñaki Lizarralde). Osabarekin asko joaten nintzen mendira. Txindoki, Hernio… bere eskutik ezagutu nituen. Historia eta artea ere asko gustatzen zaizkit. Hondartzara joatea ere bai, baina pereza ematen dit. Amaren aldeko amonak (Dolores Gisasola) esaten zuen bezala, herri guztiek izan beharko lukete hondartza txiki bat.