Nicolas Alustiza zumarragarra faboritoetako bat zen, baina lepauztaia hautsi du eta ezin izango du parte hartu
Igandean Gipuzkoa Klasikoaren 17. edizioa egingo dute Urretxun. Gazte mailako txirrindularitza proba hau egutegiko garrantzitsuena da eta, hala, txirrindulari onenek parte hartuko dute.
Txirrindulariek 123 kilometroko ibilbidea osatuko dute. 10:30ean abiatuko dira, Iparragirre plazatik. Helmuga ere bertan egongo da.
Urretxutik Azkoitira joango dira, handik herrira itzuliko dira eta bukatzeko Oñatira joango dira bi aldiz. Oñatitik bigarrengoz itzultzen direnean, Lilibasoko aldapatik Mundo Mejorrera igoko dira. Eguneko zentrora jaitsiko dira eta Elizalde eta Matxinportatik Iparragirre kalera joango dira. Irabazlea helmugara 13:30ean iristea espero da.
Urretxura taldetxo bat iristen bada, txirrindulariek Lilibasotik Mundo Mejorrera doan aldapa gogorrean erasoa jotzeko aukera edukiko dute. Ez da ibilbideko aldapa bakarra izango: Udana bitan igo beharko dute eta Oñatiko Arregi gaina behin. Udana hirugarren mailakoa da eta Arregi bigarren mailakoa.
Faborito nagusietako bat Bellota-Goierri taldeko Nicolas Alustiza zumarragarra zen, baina ezin izango du parte hartu, Frantziako lasterketa batean lepauztaia hautsi baitu.
Iparragirre 2020 egitasmoaren barne antolatu duten proba honek trafikoan eragina izango du. Gaur arratsaldetik aurrera (18:00etatik, hain zuzen ere) ezin da Iparragirre kaleko 40tik 56ra eta 15etik 27ra aparkatu. Gainera, igande goizean (10:00etatik 14:30era) trafiko mozketak egongo dira Ipeñarrieta, Labeaga, Iparragirre, Mundo Mejor eta Matxinportan. Bestalde, UK-06 autobusa Zumarragako Okendo kalean geldituko da 08:38, 11:38 eta 13:00etan.
Koronabirusa dela eta, Iparragirre plaza itxita egongo da. Herritarrek ibilbideko gainontzeko tokietan ikusi ahal izango dute lasterketa, beti ere maskararekin eta metro eta erdiko distantziarekin.
Proba gaur goizean aurkeztu dute Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Juan Jose Gozalo federazioko lehendakariak, Abraham Olano federazioko zuzendari teknikoak, Aitor Chico lasterketako zuzendariak eta Maialen Fidalgo zinegotziak parte hartu dute.
Gozalok igandeko lasterketa gazte mailako garrantzitsuena dela eta Urretxun antolatzea “ohorea” dela esan du. “Urretxuk txirrindularitzarekin lotura estua izan du beti”. Olanok 1 zenbakidun dortsala Bellota-Goierri taldeko txirrindulari batek eramango duela aipatu du, “egiten duten lana eskertzeko”. Anoetako txirrindulari ohiak parte hartzeari buruz ere hitz egin du. 30 taldek parte hartuko dute, tartean Frantziatik eta Portugaletik etorritako batzuk.
Chicok federazioari eta udalari eskerrak eman dizkie eta ibilbideari buruz hitz egin du. “Gogortasuna eta ikuskizuna bilatu ditugu. Hala, txirrindulariek ohi baino kilometro gehiago egingo dituzte. Gazte mailako lasterketek 100 kilometro izaten dituzte asko jota eta honek 123 izango ditu. Gainera, ibilbidea gogorra da. Mundo Mejorreko aldapak %14ko pendiza du. Gure helburua txirrindulariak helmugara banaka heltzea da”.
Bukatzeko, eskerrak eman dizkie laguntzaile guztiei. “Halako lasterketa bat antolatzeko boluntario asko behar dira eta guk ia 90 lagun izango ditugu laguntzen. Eskerrak eman nahi dizkiet Telleriarte, Aloña Mendi, Peña Elorza eta Lagun Onak klubei”.