Errekor saiakera bihar egingo du: 04:00etan abiatuko da eta 21:00etan amaitzea espero du
Iñaki Lizarazu Larrea txirrindulari urretxuarrak erronka gogorra jarri dio bere buruari: Atagoitiko itzulia (25 kilometro) 16 aldiz egiten saiatuko da, bihar. 400 kilometro, guztira. 04:00etan abiatuko da eta 21:00etarako amaitzea espero du.
Duela urte batzuk 14 aldiz egin zuen Atagoitiko itzulia. “Duela urte batzuk Txomin Casadok 12 aldiz egin zuen eta handik urte batzuetara guk 14 aldiz egin genuen. Lankide bati minbizia diagnostikatu zioten eta osatzen zenean berak 8 aldiz eta nik 16 aldiz egingo genuela adostu genuen. Zorionez, osatu da eta emandako hitza betetzeko ordua heldu da. Gainera, aurten, pandemia dela eta, ez dugu Quebrantahuesos eta antzeko martxetan parte hartzerik”.
Erronka zaila dela dio. “400 kilometro eta ia 5.000 metroko desnibelaz hitz egiten ari gara. Eguraldi txarra iragarri dute, gainera. Zorionez, lagun askok lagunduko didate, txandaka. Bizikletak hori du ona: bizikletari esker adin eta toki ezberdinetako lagun asko egin ditut. Ez dakit bukatuko dudan edo ez, baina egun eder bat pasako dugu guztiok”.