Zumarragako Trikitixa taldeak mende bat eman du herrietako plazak, jaiak eta ospakizunak alaitzen. Aitzindariak izan dira gauza askotan, eta trikitiari ekarpen andana eginda bete dituzte ehun urte.
Zumarragako Trikitixa taldeak ehun urte bete zituen iaz, eta herriko historia biziaren parte izaten jarraitzen du oraindik. Iaz egitekoak ziren omenaldiak bertan behera geratu ziren osasun krisiagatik, eta urtebete atzeratu zituzten. Urtebete geroago, omenaldia egingo diote bihar Zumarragako Trikitixari, Zumarragako Udalak antolatuta: Ikigai taldeak, Laja eta Lutxurdiok, Garikoitz Lizarraga eta Iñaki Larrañagak, Xabier Etxaniz eta Ainara Saizarrek, Xabi Aburruzagak eta Amak taldeak kontzertua egingo dute, 17:00etan, Zelai Arizti kultur etxean. Dagoeneko agortuta daude sarrera guztiak.
Joxe Oriak sortu zuen Zumarragako Trikitixa, 1920an. Haren ama Francisca Antonia Irizarrek panderoa jotzen zuen, eta adituek uste dute Oriak harengandik ikasi zuela. “Garai hartan, gizonezko baino emakumezko gehiagok jotzen zuten panderoa”, kontatu du Miguel Urteagak. Irizarren biloba eta Oriaren iloba da Urteaga, eta, gaur-gaurkoz, Zumarragako Trikitixa taldeko kiderik helduena. Sei hamarkada baino gehiagoan panderoa astindu eta gero, uste du baduela “erretiroa hartzeko garaia”. Datorren uztailaren 2an, Santa Isabel egunean, igoko da Urteaga azkenekoz oholtza gainera, panderoa jotzen jarraituko duela esan duen arren.
“Iraultzailea” izan zen Oria eta “ekarpen handiak” egin zizkion trikitiari. “Abesteko eta panderoa jotzeko modu berezia” zuela esan du ilobak, eta, hain zuzen ere, horixe izan da betidanik Zumarragako Trikitixaren ikurretako bat, gaurdaino mantendu dena. Trikitia baserrietan eta landa eremuetako erromeria txikietan soilik jotzen zen garaian, Oriak “herri eta hiri handietara” zabaldu zuen bere musika. Haren abestietako asko zentsurapean egon ziren, “gai politikoei” aipamena egiten zietelako; gaztelaniaz abestu zuen lehena izan zen. “Zumarragako Trikitixak beti abestu izan du gaztelaniaz, Zumarragako castellanoak deitzen ziguten”, oroitu du Urteagak. Kritika asko entzun izan dute horregatik, baina garaiko gizartera moldatzen jakin zuten, eta trikitia euskalduna ez zen jende askorengana gerturatzeko gai izan ziren.
Soinu jotzaile askorekin jo zuen Oriak: “[Alejandro Telleria] Gorriz, [Joxe Larrañaga] Etxesakorta, [Carlos] Egiguren, [Kandido] Begiristain, [Felipe Mondragon] Errosta… Gerra garaian Joxe Miguel Ormazabalekin hasi zen, eta harekin egin zuen denbora gehien”, azaldu du ilobak. 1922an diskoa grabatu zuen Etxesakortarekin. “Trikitixaren historian grabatutako lehenbiziko diskoa izan zen”. Diskoa grabatzeko izen bat behar zutela eta Secundino Esnaola herrikideak proposatu zion Oriari Zumarragako Trikitixa jartzea. “Esnaola Donostiako Orfeoiko zuzendaria zen orduan, eta lagunak ziren”.
Oria 1946an hil zen, baina Zumarragako Trikitixak ordurako ziurtatuta zuen jarraipena. “Osaba ezkongabea zen, eta gurekin bizi zen. Zortzi anai-arrebako familia ginen; ni naiz gazteena, eta 7 urte nituen osaba hil zenean”. Anaia zaharragoak, Joxe, Inixio eta Seberen, ordurako panderoa eta soinua jotzen hasita zeudela kontatu du Urteagak. “Joxe izan da soinua jo duen bakarra; gainontzekook panderoa jo izan dugu”. Urteagatarrek eta Ormazabalek disko bat ere grabatu zuten elkarrekin, 1957an.
Hendaian, eskaera berezia
Ordutik, hamaika plaza, erromeria eta jaitan aritu da Zumarragako Trikitixa taldea. Gipuzkoako herri gehienetan jo dute, baita Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere. 1950eko hamarkadan Hendaian (Lapurdi) izan zirenetako batean, auto batek gelditu zituen etxera bueltan. “Ni ez nengoen han, baina anaia zaharrenak bai”, azaldu du Urteagak. Esan zieten ez zeukatela etxera itzultzerik, Hendaiako hotel batera joan beharra zeukatela trikitia jotzera. “Hotelean, Winston Churchill Erresuma Batuko lehen ministro izandakoaren emaztearen aurrean jo behar izan zuten. Hoteleko balkoitik ikusi zituen kalejiran, eta gustatu egin omen zitzaion”.
Gaur egun, Kepa semeak eta Mikel Alustiza ilobak osatzen dute taldea, Miguel Urteagarekin batera. “Aitak erretiroa hartuta, Mikeli eta bioi dagokigu erabakitzea Zumarragako Trikitixak zein bide hartuko duen”, aitortu du semeak; hausnarketa prozesu bete-betean daude orain.
“Gaur egungo trikiti talderik zaharrena garela diote”, esan du Kepa semeak. “Eta beste trikitilari familia batzuek ere tradizioari eutsi dioten arren, ez dago guk bezainbeste urte daramatzanik”, gehitu du. Urteagaren semeak eta ilobak jarraituko dute, baina ez dute familiako azken katebegia izan nahi. Erreleboa izango dutela uste du Urteagak. “Hazia ereinda dago, eta fruituak emango ditu, lehenago edo geroago”. Historia egiten jarraitu nahi du Zumarragako Trikitixak.