Hilaren 27an Euskadiko sokatira txapelketako finala jokatuko da Etxeberri auzoan
Urretxuk eta Zumarragak ekarpen handia egin diote sokatira munduari. Urretxuko jaietako astelehenean kuadrillen arteko sokatira txapelketa antolatzen da eta hortik munduko txapelketetan parte hartu zuen eta Euskadiko txapelketa irabazi zuen talde bat sortu zen, 1970eko hamarkada amaieran. Urretxu eta Zumarragako Herri Kirol Elkarteak talde horretan du jatorria. Hala, elkarteak sokatiraren alde lan egin duten guztiei esker ona azaltzea erabaki du. Horretarako, bi ekitaldi antolatu ditu: omenaldia eta Euskadiko lur gaineko sokatira txapelketaren finala, 600 kiloko kategorian. Bi ekitaldi hauek datorren asteburuan izango dira.
Ostiralean (ekainak 2%), 20:30ean Urretxuko Labeaga aretoan, Gure herriak eta sokatira ekitaldia egingo dute. Ekitaldi horretan Herri Kirol Elkartearen sortzaileak eta sokatira taldean parte hartu zuten tiratzaileak omenduko dituzte. Gainera, bideo bat emango dute. Bertan, sokatiraren historia jaso dute, herriko tiratzaileen testigantzekin. Sorpresaren bat ere izango da.
Tiratzaile guztiak gonbidatzen saiatu dira. Norbaiti gonbidapenik heldu ez bazaio, Urretxu edo Zumarragako kultur etxera jo dezake gonbidapen eske.
Bestalde, igandean, hilaren 27an, Euskadiko lur gaineko sokatira txapelketaren finala jokatuko da Zumarragako Etxeberri auzoan, 600 kiloko kategorian. Txapelketa aparkalekuaren parean dagoen zelaian jokatuko da, 11:30etik aurrera. Zazpi taldek parte hartuko dute: Mutriku, Goiherri, Akelarre, Getxo eta Gaztedi A, B eta C. Eusko Jaurlaritzak baimena ematen badu, ikusleekin jokatuko da.
Bi ekitaldiak gaur aurkeztu diar, Urretxuko udaletxean. Aurkezpenean Izaskun Arruti Herri Kirol Elkarteko idazkariak, Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu zuten. Guztiek sokatira taldeak eta Herri Kirol Elkarteak egindako lana goraipatu dute.