Aurten ere Urretxuko San Joan festak ohi baino xumeagoak izango dira, koronabirusa dela eta, jendetzarik biltzea komeni ez delako. Udalak eta eragileek egitarau xume baina esanguratsua adostu dute. Ekitaldi guztiak San Joan bezperan izango dira (gehienak Santa Barbaran) eta 24an ez da erromeriarik egingo.
San Joan bezperan Santa Barbarako ermitan meza egingo da. Auzotarrek loreak bedeinkatzeko aukera edukiko dute eta bertsolariek abestuko dute. Ondoren, kanpai hotsekin eta herriko txalapartariek lagunduta, Santa Barbara auzoko baserritarrek San Joan arbola ipiniko dute. Bukatzeko, su txiki bat piztuko da eta Lurra taldeko dantzariek su berria agurtuko dute.
Bitartean, herrigunean, Lizarriturri txistulari elkarteak eta Iparragirre Balerdi musika bandak kalejirak egingo dituzte. Gernikako Arbola plazan ez da surik piztuko, beraz.
Ekitaldiak trafikoan eragina izango du. Asteazkenean, 09:00etatik jarduera amaitu arte, ezingo da Santa Barbarako beheko aparkaleku txikia (asfaltatu gabekoa) erabili. Gainera, udaltzaingoak gogorazten du Santa Barbarako bidean ezin dela autorik aparkatu.