Ostiraletik larunbaterako gauean, Hugo eta Eusebio Atrakzioak herriko enpresaren ohe elastikoak erre ziren. Gertakaria Lezon izan zen eta norbaitek nahita su eman ziela uste dute.
Eusebio Alves lur jota ageri da. “Nahita izan dela dirudi. Aurreko asteetan ere arazoak izan ditugu. Txartel-leihatilan sartu ziren lapurtzera eta ondoren buelta eman zioten. Azken urtebetea oso gogorra izan da, uda honetan lan pixka bat egiteko aukera edukiko genuela uste genuen, eta orain hau… Ezin dut ulertu. Ez zait buruan sartzen nola egin dezakeen norbaitek horrelako zerbait. Denok edan dugu noizbait, denok egin ditugu bihurrikeriak… baina hau…”.
Alves familiak 40 urte baino gehiago daramatza festarik festa lanean, haurren gozamenerako. “Ni Beasaingo jaietan jaio nintzen, trenbidearen beste aldean zegoen klinikan. Egun hiru anaiok gara arduradunak”.
Eskerrak eman nahi dizkie elkartasuna azaldu dieten guztiei. Facebook-en testu bat idatzi dute gertakaria salatzeko eta elkartasuna adierazi dieten guztiei eskerrak emateko. Gaur goizean haur asko elkartu dira Urretxuko ohe elastikoan eta txikiparkean eta haurrak bertara eramatea da, hain zuzen ere, elkartasuna azaltzeko modu onena.