Aurten ere ez da Santa Isabel jairik egongo, baina dantzariek ezpata dantza egingo dute Antion eta Zumarragako plazan. Ekitaldia Urola Telebistan eta zelaiarizti.eus webgunean emango dute, zuzenean.
Antioko ekitaldiaz gozatzeko, gonbidapena behar da. 50 gonbidapen bikoitz banatuko dituzte. Zelai Arizti kultur etxean eskatu behar dira, 09:00etatik 14:00etara. 943 72 35 10 eta 943 72 91 54 zenbakira deituta edo kulturetxe@zumarraga.eus helbidera idatzita ere eska daitezke. Izen-abizenak, NAN zenbakia, telefono zenbakia eta posta elektronikoaren helbidea eman behar dira. Ostirala da gonbidapenak eskatzeko azken eguna (13:00etan utziko diote eskaerak jasotzeari). Zumarragan erroldatuta daudenek bakarrik eska ditzakete gonbidapenak. 50 eskaera baino gehiago jasotzen badira, zozketa egingo dute.
Uztailaren 2an autobus zerbitzua egongo da eta ekitaldira gonbidapena tokatu zaion pertsonak joan beharko du derrigor. Ermitan bakoitza dagokion tokian eseri beharko da.
Antioko ezpata dantzaren eta mezaren ondoren, 12:45ean, dantzariek plazan dantza egingo dute. Aulkiak jarriko dira herritarrentzat.