ZUbertsotan bertso eskolak hasitako katearen hamalaugarren kate-begia Mikel Iturriotzek jarri du, 'garai berriei' jarritako bertsoekin.
GARAI BERRIEI
· Egilea: Mikel Iturriotz Etxaniz
1) Nekatu gaitu azken
urte ta erdiak
bizi izan ditugu
une zailegiak
baina itxaropentsu
dauzkat bi begiak
ikusi egin nahi ditut
zuen aurpegiak
2) Esan berri duzunak
asko nau harritu
ez zait arduratsua
denik iruditu
musukoa kentzeak
arriskuak ditu
jantzi musukoa ta
etxean gelditu
3) Etxe barruan berdin
euri edo elur
ez al degu ba jaso
aurten nahiko egur
lehengo tentsioek
hartu bezate lur
ezin betiko egon
bizitzari beldur
4) Hori agian zure
gauza izango da
8 orduz lantokira
joan zaitez gustora
gero zure etxean
pasatu denbora
eta asteburuan
ez joan inora
5) Besteena nahiz ta ez
inporta inori
kritikatzeko degu
aski kategori
ez begiratu nork zer
egiten dun ongi
denok egiten degu
ahal degun hori