Pandemia hasi zenetik Zelai Arizti pilotalekuan egon diran 12 elikagai postuak plazara itzuliko dira
Zumarragako Udalak oihalezko poltsak oparituko ditu eta bertako produktuak zozkatuko ditu larunbateko azokan, pixkana azoka normaltasunera itzultzen ari dela ospatzeko. Izan ere, osasun egoerak hobera egin du eta aste honetan bertan Zelai Arizti pilotalekuko janari postuak plazara itzuliko dira. Arropa postuak dira plazatik kanpo jarraituko duten bakarrak.
Rosa Maiza zinegotziak prentsaurrekoa eman du gaur, larunbateko azokako berrikuntzen berri emateko. “Egoerak hobera egin du eta plazan %60ko edukiera baimentzen da. Hori dela eta, janari postuak plazara itzuliko dira larunbat honetan bertan. Postu horiek Zelai Arizti pilotalekuan egon dira pandemia hasi zenetik. Hala, larunbat honetatik aurrera, baserritarren postuak eta gainontzeko elikagai saltzaileen 12 postuak egongo dira plazan. 12 postu horiei tokia egiteko, tabernek mahai gutxiago jarriko dituzte beraien terrazetan”.
Egoerak hobera egin duela ospatzeko, poltsak oparitu eta bertako produktuak zozkatuko dituzte. “Baserritarrek azokako logoa daramaten mahai-zapiekin apainduko dituzte beraien postuak eta bost euroko erosketa egiten duten guztiei azokaren logoa duen oihalezko poltsa bat oparituko diegu. Bestalde, udaletxe azpian jarriko dugun mahaian beraien datuak ematen dituzten guztiek bertako produktuz betetako hiru poltsa bereziren zozketan parte hartuko dute”.