Duela aste batzuk, Zumarragako Piedad kaleko 1. zenbakidun etxea bota zuten: miradoreen etxea. Carlos Mediavilla barruan egon zen bota baino apur bat lehenago eta argazki bikainak atera zituen.
Guztion herriotan daude, guztiok umetatik ezagutu arren, kanpotik bakarrik ikusi ditugun eraikinak. Herriaren historian oso esanguratsuak diren eraikinak, xarma berezia dutenak… Zumarragan, Piedad kaleko 1. zenbakidun etxea (miradoreen etxea), adibidez. Etxe hau duela aste batzuk bota zuten. Herritar gehienek ez zuten barrutik ezagutzeko aukerarik izan. Erreportaje honetan izango dute horretarako aukera, Carlos Mediavilla argazkilariaren eta Mendizabal familiaren eskutik.
Mediavilla miradoreen etxean egon zen bota baino apur bat lehenago eta argazkiak atera zituen. Mendizabal familia, berriz, etxe horren parean bizi da aspalditik. 1912tik, hain zuzen ere: Jose Antonio Mendizabal eta Maria Arozena senar-emazteak Itsasotik Zumarragara etorri zirenetik. Miradoreen etxea betidanik hor ezagutu dute.
Miradoreen etxeak ez zuen izenik. Mendizabaldarrek Don Federico de Ugalderen etxea deitzen zioten. Azkenaldian, berriz, Gogorzatarren etxea deitzen zioten. Izan ere, Gogorzatarrak bizi izan ziren bertan azken urteetan.
Piedad kaleko 1. zenbakidun etxeak, lokalak, bi solairu eta ganbara zituen. Lehen solairuan Don Federico de Ugalde eta bere familia bizi ziren. Bigarren pisuan, berriz, bi etxebizitza zeuden. Batean Faustino Orbegozo bizi izan zen, bere amarekin, hil zen arte. Bestean Saturnino Orbegozo bere anaia bizi izan zen, bere familiarekin, 1950eko hamarkada arte. Faustino eta Saturnino, Orbegozo enpresaren sortzailearen semeak ziren. Ugalderen alarguna hil zenean, etxea Gogorzatarren eskuetara pasa zen, herentzian.
Etxearen azpialdean hainbat lokal zeuden. Miradoreen azpian, Beasaingo Antonio Imazek bitxi eta erloju denda izan zuen. 1988ko uholdeen ondoren itxi zuen. Jarraian, Lagun Aro aseguru etxeak bulegoa ireki zuen.
Ondoan, mertzeria bat egon zen, Ines Bastarrikarena. Gero, Felix Mendiak ardo eta likore denda izan zuen bertan.
Hurrengo lokalean, Antzuolako Lete zapata konpontzaileak bere tailerra izan zuen. Letek utzi zuenean, Angel Olabarriak hartu zuen tailerraren ardura.
Etxeko ataria pasa eta hurrengo lokalean, Gregori Elgarrestak ile-apaindegia izan zuen jubilatu zen arte. Ondoren Mapfre aseguru etxeak bulegoa ireki zuen eta Ogi Berri okindegia ere bertan egon zen.
Mendizabaldarrek miradoreen etxearekin lotutako oroitzapen asko dituzte. «Faustino Orbegozo oso musikazalea zen eta disko bilduma itzela zuen. Gramofonoa leihoa irekita jartzen zuen eta kale osoak kontzertua entzuten zuen, bai gauez, bai egunez».
Mendizabaldarrak hainbat istiluren lekuko ere izan dira. «Inguru hau bilgune izan da beti. Trantsizioko lehen manifestazioak eta bilerak hemen inguruan egin ziren eta istilu askoren lekuko izan ginen».
Baina Zumarragako zonalde hori uholdeengatik zen ezaguna batez ere. Urola ibaia zabaldu eta zubi zaharra bota aurretik, hamaika uholde egon ziren. «Euri jasak zeudenean, denok erne egoten ginen. Makina bat ur eta lokatz kendu behar izan dugu gure auzoan. Batean bukatuta, besteei laguntzera joaten ginen». Miradoreen etxean 1953ko uholdeetan ura noraino iritsi zen erakusten zuen marka egin zuten. Etxe berrian plaka bat jarriko da, ura noraino heldu zen gogoratzeko.