Zumarragako artistak iazko martxoan hil zen bere ama omendu du. Ostiraleko ezpata dantzako protagonistek ere erakusketan tokia dute. Lanak igandea arte egongo dira ikusgai
Itziar Albisua artista zumarragarrak (t)artea(n) zeramika erakusketa ireki du Zelai Arizti kultur etxean. Erakusketa igandera arte egongo da zabalik.
Albisuak urte batzuk zeramatzan ezer zehatzik egin gabe eta zerbait egiteko gogoa zuen. «Zeramika munduan, Beasaingo tailerrean eman nituen lehen pausoak. Baina Bergaran lan egiten dut eta deserosoa egiten zitzaidan bertan lan egitea. Bergarako tailerraren berri izan nuen eta bertara jo nuen. Hango ikastolako ikasleekin kanpaitxo batzuk egin genituen eta errefusarekin bi pieza egin nituen iazko Emakumeen Egunerako».
Amaren heriotza
Handik egun gutxitara bere ama hil zen. «Martxoaren 8an erakusketa ireki genuen, 12an amatxo hil zen eta handik egun gutxira konfinatu egin gintuzten. Amatxok etxeko lanak jarri zizkidan: pieza txikiak egin nituen nire anai-arrebentzat, oroigarriak. Sobratu zen buztinarekin pieza handiago bat egin nuen: ama, bost anai-arrebok besarkatzen».
Erakusketaren izenburuak pandemiarekin lotura du. «Tarte honetan, zoramen honetan, egin ditudan lanak dira. Gehienok gure barrura begiratu dugu hilabete hauetan. Konfinamenduan talde meditazioa egin dut, online. Meditazio saioen ondoren marrazkiak egin nituen eta marrazki horiekin azulejuak egin ditut».
Kanpaitxoak ere egin ditu. Kanpai txiki horietan pertsonaia ezberdinak margotu ditu: Legazpiko olagizonak, Iparragirre erraldoiak, Zumarragako ezpata dantzako dantzariak eta txistulariak, berarekin bizikletan ibiltzen diren lagunak…».
Denbora zeraman zeramika egin gabe eta hasieran ezintasuna sentitu du. «Nire burua trakets ikusi dut, baina poliki-poliki erosoago sentitu naiz», aitortu du.
Albisuak ikusleak ere eroso sentitzea nahi du. Erakusketara lasai joatea. Gozatzea. Lagun giroan. Pandemia dela eta, erakusketa aretoan ekitaldirik antolatu ezin denez, jolas moduko bat proposatu die: erakusketan sentitu dutena hitzez eta marrazkiz adierazten dutenek pieza baten zozketan parte hartuko dute.