Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak Urretxun antolatu du aurtengo campusa. Lehen txandan 18 neska eta 17 mutil parte hartzen ari dira. Hurrengo bi asteetan gazte gehiago etorriko dira.
Saskibaloiak indar handia du Urretxun eta Zumarragan, aspalditik. Goierri taldeak mende erdi baino gehiago darama lanean eta jokalari bikainak eman ditu. Oraingoan, udalaren laguntzarekin, Gipuzkoako federazioaren saskibaloi campusa Urretxura ekarri du. Urretxu Gipuzkoako saskibaloiaren hiriburua da egunotan.
Campusa astelehenean hasi zen eta uztailaren 18a arte luzatuko da. Gazteek Santa Barbarako aterpetxean hartu dute ostatu eta Aldiri kiroldegian lan egiten ari dira.
Federazioaren campusak hiru txanda izango ditu. Bakoitzean 11 eta 13 urte bitarteko haurrek eta beraien entrenatzaileek parte hartuko dute. Gipuzkoako klub ezberdinetako gazteek teknika eta taktika landuko dituzte. Baita baloreak ere: kooperazioa, talde lana… Horretaz gain, lagunak egiteko aukera edukiko dute, beti ere saskibaloia ardatz hartuta.
Egunerokoa
Goizero Santa Barbaratik Aldiri kiroldegira jaitsiko dira, autobusean. Bertan, bi orduko entrenamendua egingo dute. Eguerdian Santa Barbarara itzuliko dira, bazkaltzera. Arratsaldean bigarren entrenamendu saioa egingo dute.
Aisialdirako tartea ere izango dute, noski. Pagoeta igerilekura joateko aukera edukiko dute eta Santa Barbaran jolasak antolatuko dituzte beraientzat. Hori guztia, euskaraz. Izan ere, campusaren eta Gipuzkoako Saskibaloi Federazioaren bigarren ardatza euskara da.
Lehen txandan haur mailako 17 mutil eta 18 neska elkartu dira. Gipuzkoako talde ezberdinetako gazteak elkartu dira: Iraurgi, Goierri, Ordizia, Arrasate, Eskoriatza, Hondarribia…
Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko kolaboratzailea den Jon Mendiluze tolosarra oso gustura ageri da. «Aurreko lau urteetan Altsasun egon gara. Oso gustura egon gara, baina Urretxun ere oso gustura gaude. Urretxura askotan etorri naiz eta beti oso ondo hartu naute. Goierri klubak erraztasun guztiak ematen ditu beti», aipatu du.