Lide Mendiaraz, Joseba Arratibel, Paula Urteaga eta Nekane Martin izan dira kapitainak
Gaur Santa Isabel eguna da, zumarragarren egun handia. Oraindik ezin da jairik ospatu, ordea. Ezpata dantza bakarrik egon da eta alkateak zuhurtziaz jokatzeko eskatu die herritarrei.
«Kultura eta tradizioan oinarrituta», dantzariek ezpata dantza egin dute Antion eta Zumarragako plazan. Ekitaldia Urola Telebistan eta zelaiarizti.eus webgunean eman dute, zuzenean. Antioko baselizako ekitaldira gonbidapena eskatu zutenak bakarrik joan ahal izan dira.
Antioko ezpata dantzaren eta mezaren ondoren, 12:45ean, dantzariek plazan dantza egin dute. Aulkiak jarri dira herritarrentzat.
Aurtengo ezpata dantzako kapitainak Lide Mendiaraz, Joseba Arratibel, Paula Urteaga eta Nekane Martin izan dira. Mendiaraz lehenengoz aritu da kapitain lanean.
Udalak ez du ekitaldirik antolatu, baina kuadrilla askok bazkaria antolatu dute. Jatetxeetan bazkari asko eman behar dituzte.