Urretxuko PSE-EEk legealdiko lehen bi urteetako balorazioa egin du. Balantzea “positiboa” dela diote. Lan “eraikitzalea” eta “gardena” egin dutela, bizilagunen mesederako. Eskuorri bat banatu dute etxe guztietan, beraien lanaren berri emanez.
PSE-EEren udal taldea Nati Nieves bozeramaleak eta Jokin Garcia zinegotziak osatzen dute. Nievesek, koronabirusa dela eta, urte gogorra izan dela dio. “Indarrak batzen saiatu gara, osasun krisiak kaltetutako familia, ostalari eta merkatariei laguntzeko. Ardura handia genuen: urretxuarrei gauzak erraztea, krisia lehenbailehen atzean uzteko, baina inor atzean utzi gabe”.
Azken urtebete honetan beste egitasmo batzuk ere aurrera atera dira. Plan Orokorra, adibidez. “Hasieratik babestu dugu eta gogor lan egin dugu. Urretxuar guztien ongizatean eragin positiboa izango du”.
Plan Orokorrean PSE-EEk bere hauteskunde programan jaso zituen hainbat egitasmo jaso dira. Adibidez, Gainzuri-Mundo Mejorren 65 etxebizitza egitea, Labeaga, Mundo Mejor, Sorginzulo eta Basagasti lotuko dituzten bi igogailu eta pasarela bat egitearen truke. Gainera, Gainzurik 1.700 metro koadroko lursail bat lortuko du haurreskolaren ebakuazio arazoak konpontzeko eta azpiegiturak eta irisgarritasuna hobetzeko.
PSE-EEko zinegotziak Jose Mari Lasa plazaren eta bere inguruaren zaharberritzea ere hasieratik bultzatu dutela dio.
Horretaz guztiaz gain, sozialistek jubilatuen etxea eta eguneko zentroa handitzea edo tokiz aldatzea, liburutegiko haurren txokoa bereiztea eta 2 eta 11 urte bitarteko haurrentzako ludoteka bat egiteko aukera aztertzea eskatu dio gobernu taldeari. Bidegorriko seinalizazioa hobetzea eta edukiontzietan pedalak jartzea ere eskatu dute. Baita ingurumen arloan ahalegin handiagoa egitea ere. “Ekonomia zirkularra eta bizikleta bultzatu behar dira. Hori dela eta, ikastetxeetan eta kirol guneetan bizikleten aparkalekuak jartzea proposatu dugu”.