Aran by UTMB probako 105 kilometroko lasterketan parte hartuko du, bihar. Aurtengo bere erronka nagusia UTMB probako CCC lasterketa da. Abuztuaren 27an izango da
Aritz Egea mendiko korrikalari urretxuarra 100 kilometrotik gorako lehen lasterketa osatzen saiatuko da ostiralean, Katalunian. Aran by UTMB probako 105 kilometroko lasterketan parte hartuko du. Camins d’Hèr delakoan, hain zuzen ere. Les herritik abiatuko da eta helmuga Vielhan egongo da. 6.500 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute.
Urretxuko korrikalaria itxaropentsu ageri da. «Duela hilabete inguru saiakera bat egin nuen Tenerifen. 70 kilometroko lasterketa bat hasi nuen, baina neure burua gaizki ikusi nuen eta erretiratu egin nintzen. Ostiralekoa UTMBren CCC proba egitera joan aurreko saio erabakigarria da», azaldu du Egeak.
Izan ere, Alpeetako CCC proba urteko erronka nagusia izango du. Lasterketa horrek 101 kilometro eta 6.100 metroko desnibela du. Abuztuaren 27an izango da.
Egeak ez du inoiz hain lasterketa luze batean parte hartu. «Gogor ari naiz entrenatzen. 55 kilometroko entrenamendu gutxi batzuk egin ditut, sei ordukoak. Astean 16-17 ordu ari naiz entrenatzen eta iaz astean 9 ordu entrenatzen nituen. Ea zer gertatzen den. Jokin Lizeaga prestatzailearekin hitz egin dudanaren arabera, 12 bat ordutan egitea espero dut. Ea gorputzak nola erantzuten duen. 60 kilometroko probetan egin dezakedana badakit, baina hortik gorakoak…».
Adinak eta pandemiak animatu dute orain arte baino lasterketa luzeagoetan parte hartzera. «Iaz ez genuen lasterketarik eduki eta ondo pasa nuen, kirola egiten. Zahartzen ari naiz eta oraindik maila ematen dut, baina seguru aski aurki hasiko da nire gainbehera. Betidanik CCC proba egiteko gogoa nuen eta pandemiari esker, aurten egin ahal izango dut», azaldu du urretxuarrak.
Izan ere, aurten ere ez da Zegama-Aizkorri proba antolatuko. Hori izaten da urteko proba nagusia Egearentzat eta aurten Zegama-Aizkorriren tokia CCCk hartu du.
Hori bai, datorren urtean betikora itzuliko da. «Asko ari naiz gozatzen esperientzia berri honekin, baina oso nekatuta nago beti eta familiari ordu asko kentzen dizkiot. Datorren urtean erronka nagusia Zegama-Aizkorri izango da berriro. Dena den, ez dakit zenbat gelditzen zaidan mendiko lasterketen munduan. Urteekin, geroz eta gehiago kostatzen da halako probak prestatzea», aitortu du Egeak.