Donostian atzeman dute 24 orduz haren bila ibili eta gero.
Maria Pilar Berrioren ustezko hiltzailea gaur arratsaldean atxilotu dute Donostiako Gros auzoko ileapaindegi batean.
Atxilotua Zumarragan familia duen Pedro Maria Ruiz Jimenez da. Berrio atzo goizean hil zuen labana batekin, 9 eta 5 urteko seme-alaben aurrean, Nafarroako Murchante herrian.
Atzo arratsaldean Ertzaintzak kontrola ezarri zuen Zumarragako Eitza auzoan eta ustezko hiltzailearen familiaren etxean egon zen.
Ustezko hiltzaileak Donostiako Amara auzoko pentsio batean eman du gaua. Harrerakoak ez dio susmo txarrik hartu, baina ostatu hartu duten guztien zerrenda poliziari ematera behartuta daude eta hori egin dutenean alarma piztu zen.
Ertzainak pentsiora joan direnerako, Ruiz ez zegoen bertan. Pentsiotik atera denean, taxi batean Errotaburura joan da eta ondoren tailer batean zegoen Seat Leon urdin bat lapurtu du. Auto hau Ertzaintzaren errotulatu gabeko auto bat da. Ertzaintzak hainbat kontrol ezarri ditu Donostialdean. Ustezko hiltzailearen autoa, berriz, Legazpiko Bikuña industrialdearen ondoan aurkitu dute.
Hogeita lau orduz bilaketa zorrotza egin eta gero, gaur arratsaldean atxilotu dute Donostian, ileapaindegi batean atzeman dute, itsuraz aldatzeko asmotan joan eta gero.
Murchanteko hilketaz gain, Ruizi 1998ko Ikaztegietako gasolindegiko hilketa ere leporatu zioten, baina absolbitu egin zuten proba faltagatik.
Instituzioek, tartean Zumarragako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Murchanteko hilketagatik «samina» eta «gaitzespenik irmoena» azaldu dute.