Eitzaga auzoa itxita izan zuten atzo arratsaldean, ustezko hiltzailea bertara etor zitekeelakoan. Haren bila jarraitzen dute oraindik.
Atzo goizean 43 urteko emakume bat hil zuten Nafarroako Murchante herrian. Maria Pilar Berrio Jimenez Gasteizkoa zen eta 2017tik Murchanten erroldatua zegoen. 43 urte zituen. Bere ahizparen bikote ohiak hil zuela uste da, 41 urteko P.M.R.J. zumarragarrak. Hilketaren ondoren ihes egin zuen eta atzo arratsaldean oraindik ez zuten atxilotzea lortu.
Emakumea 10:30ak baino apur bat lehenago hil zuten, bere autoaren barruan, labana batekin. Autoa NA-6840 errepidean zegoen, Murchanteko futbol zelaitik gertu.
Itxuraz, hiltzaileak emakumearen autoa errepidetik atera zuen bere autoarekin. Ondoren, autotik atera eta emakumea hil zuen bere 9 eta 5 urteko umeen aurrean.
Poliziak kontrolak jarri zituen Murchante inguruko errepideetan, batez ere A-68 eta A-15 errepideetan, ustezko hiltzailea denak Zumarragara ihes egin zezakeelakoan.
Ustezko hiltzailea ez da sekula Zumarragan erroldatua egon, baina bere familia bertan bizi da. Honela, Ertzaintzak Eitza auzoa itxi zuen atzo, bizilagunei etxetik irtetea debekatu zien eta familiaren etxera sartu zen, baina ustezko hiltzailea ez zegoen bertan.