Iazko etenaren ondoren, Ni naiz hip hop jaialdiaren zortzigarren edizioa egingo dute bihar, Zumarragan. Jaialdi hori Zumarragako jaietan egin ohi da, Zelai Arizti pilotalekuan. Aurten, ordea, koronabirusa dela eta, Zelai Arizti aretoan egitea erabaki dute. 17:00etan hasiko da. Sarrerek 3 euro balio dute eta entradium.com-en eskura daitezke.
Gasteizko Kloy MC eta Bilboko Shintoma Urretxuko DJ Sbans-ekin arituko dira. Herriko Agresion Verbal taldeak eta Astrabuduako Tierra Kritikal-ek ere parte hartuko dute. Azken hauek Zulumarragga-ren ordez arituko dira, Zulumarragga taldeko kide batek positibo eman baitu Covidaren testean.
Bingen Gomez, DJ Sbans eta Agresion Verbal taldeko kidea, gustura ageri da. «Beste urte batzuetan grafiti erakustaldia, break dance lehiaketa eta haurrentzako tailerrak ere egin ditugu, baina aurten ezinezkoa izango da. Aurten kontzertua bakarrik egin ditzakegu, baina pozik gaude. Izan ere, lehen kontzertua da koronabirusa heldu zenetik». Agresion Verbal taldearen azken kontzertua 2019ko abenduan izan zen, disko berria aurkezteko biraren barruan.
Disko berria
Agresion Verbalek bi disko kaleratu ditu eta DJ Sbans-ek beste bi. DJ Sbans-ek hirugarrena kaleratuko du aurki. «No todo es negro du izena eta Espainiako hainbat raperok hartu dute parte. Kanta guztietan bina rapero elkartu ditut. Hitzak beraienak dira». Binilo formatuan argitaratuko du, uda ondoren.