Joan zen astean Zumarragako Udalak Aquarbe enpresarekin duen hitzarmena ez luzatzea erabaki zuen. EH Bilduk erabaki horren balorazioa egin du. Horra hor bidali duten prentsa oharra:
“EH Bildutik positiboki baloratzen dugu Aquarberen kontratua ez luzatzea. Hasieratik eskatu dugun lehen urratsa da, baina oraindik ere zuhurrak gara, eta lanean jarraitu behar dugu; izan ere, erabaki garrantzitsuak hartu behar dira oraindik publifikazioaren bidean, zerbitzua denon onerako izan dadin eta herritarren interesak erdigunean jar ditzagun.
Lehenik eta behin, garrantzitsua da herritarrei zenbait ebidentzia helaraztea, gobernu sozialistaren onespenarekin jasan dugun bidegabekeriak eta gehiegikeriak egiaztatzen dituztenak:
2016. urtetik 2019. urtera bitartean, gobernu talde sozialista erabaki zuen tarifak %12 igotzea, justifikazio egiaztaturik gabe (udal kontu-hartzailearen txostenean ikus daitekeenez) eta enpresaren presioengatik (Ogasuneko batzordeetako aktetan ikus daitekeen bezala). Hau da, KPIaren eta uraren kostuaren bikoitza igo ziren tarifak, eta gobernu-taldeak enpresa multinazional baten irabaziak Zumarragako herritarren interes orokorren gainetik jarri zituen.
Aquarbek eskainitako kontzesio kanona edo mailegua (2,5 milioi), kontsumoagatik kanon aldakorra eta dagozkion finantza-gastuak hiru hilean behin ordaindu ditugu gure fakturekin, Aquarbek aurkeztutako emaitzen kontuan egiazta daitekeen bezala. 3.700.000 euro, 700 euro inguru familia unitateko, enpresari ordaindu dioguna gure poltsikoetatik
Aquarbe bidegabeki baliatu da inbertsio publikoaz. Inbertsioetarako kontratu guztiak eskuratu zituzten (udalak egindako inbertsioetatik milioi bat euro), eta inbertsio publikoaren ondoren lortutako uraren errendimenduez baliatu da. Ebidentziarik argiena da uraren kontsumoa %20 murriztu arren, Aquarberen diru-sarrerak %32 handitu direla.
Halaber, orain arte ezagutzen ez zen informazio bat helarazi nahi diegu herritarrei, Aquarben lizitazioa erabaki eta zerbitzua pribatizatu zenean gobernu-talde sozlistaren lehentasunak non zeuden ulertzen laguntzen dutenak:
2006ko urriaren 30ean Ur eta Saneamendu Batzordea egin zen eta bertan kontratua Aquarberi esleitzeko erabakia hartu zen. Batzorde horretan parte hartu zuen Mikel Serrano alkate denak eta orduan alkateordea zenak.
Batzorde horretan, Gipuzkoako Ur Partzuergoa erakunde publikoak egindako hitzarmen-proposamena bat aztertu zen (ezin izan zuen lizitatu erakunde publikoa zelako). Bere proposamenean ia milioi bat euroko inbertsioak planteatzen zituen (benetan izan direnak), 614.000 euroko kanona eta tarifak %27 murriztea.
Hala ere, gobernu-taldeak ez kontuan hartzea erabaki zuen, Aquarbek eskainitako kanon hobeari (gure fakturetan zumarragar guztiak ordaindu ditugu) lehentasuna emanez, herritarren tarifen %27ko murrizketari baino. Gogora dezagun Zumarraga zela, ordurako, Gipuzkoako urik garestiena zuen udalerria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren txosten baten arabera, eta batzordearentzat “kontuan hartu beharreko ñabardura” besterik ez zela. “Ñabardura” horrekin, 1.000 euro gehiago ordaindu behar izan ditugu familia bakoitzeko, kontratua indarrean dagoen bitartean.
Honela dio batzorde horren aktaren atal batek prezioari dagokionez:
“… ofrece una reducción de tarifas para los ciudadanos y por lo tanto un matiz a tener en cuenta. No obstante, la citada propuesta no sería comparable con las ofertas concursantes de empresas concursantes ya que dicha condición no se contemplaba en el pliego y por lo tanto ninguna de ellas ofrece”
Eta orain, luzapenik ez egon arren, oraindik ere bada elementu garrantzitsu bat argitzeko: gobernu-taldeak erabaki behar du zer egin hemendik aurrera kontratua amaitu ondoren. Orain arte bezala eredu merkantilistarekin jarraitu edo guk defendatzen dugun eredu publiko, ekitatibo eta gardenarekin, Onura Publikoak eta Gipuzkoako udalerri gehien-gehienak defendatzen duten bezala. Pribatizatzea uraren irabaziak enpresa pribatu batera joatea da; publifikatzea aldizgure uraren diru-sarrerak guretzat izatea.
Hemen duguna eredu frantsesaren araberako pribatizazio gisa ezagutzen da mundu osoan (azpiegitura publikoak-kudeaketa pribatua), eta, beraz, ez dute eufemismo neoliberalek balio, adibidez, pribatizazio argi bati kudeaketa ez-zuzena deitzea. Gobernu-taldeak errepikatu besterik ez ditu egiten Suez eta Aquarbe enpresaren kontzeptuak eta argudioak, eta uste badute ondasun komunen kudeaketa hobeto kudeatzen dela modu pribatuan, esan dezatela, baina ez ditzatela herritarrak engainatu.
Halaber, ohartarazi behar dugu Espainiako Estatuan, erantzun eta salaketa publiko handiak egon diren egoeretan, ohikoa izan dela udal batzuek enpresa mistoak sortzea (publikoa-pribatuak). Enpresa mistoko partaidetza publikoaren kuota alde batera utzita, kontrol eraginkorra enpresa pribatuak egiten du beti, eredu frantsesean bezala, sistemaren ezagutzaren monopolioa baitu eskatuz eta pribatizazioa “de facto” emanez.
Azkenik, Zumarragako herritarrei jakinarazi nahi diegu lanean jarraituko dugula uraren kudeaketa % 100 publikoa izan dadin, herritarrei pairatutako bidegabekeriagatik erreparatu daitezen eta jasan ditugun abusuen erantzukizun politiko guztiak argitu ditzaten”.