Eraikitze lanak datorren urteko martxoan hasiko dira. 95 etxebizitza bi logelakoak izango dira eta gainontzeko 13ak hiru logelakoak. Guztiek terraza eta garajea izango dituzte.
Visesak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio saileko sozietate publikoak, alokairurako 108 etxebizitza egingo ditu Zumarragako Eitzaga Berri eremuan. 72 babes publikokoak izango dira eta 32 gizarte laguntzakoak.
Proiektua Pedro Apaolazak eta DG arkitektura enpresak egin dute. 36 etxebizitzako hiru bloke eraikiko dira. Horietako bat gizarte laguntzakoa da eta beste biak babes publikokoak. Gizarte laguntzakoak 25.000 eurotik beherako diru sarrera dutenei zuzenduak daude eta babes publikokoak 39.000 eurotik beherako diru sarrera dutenei. Alokairuzko etxe hauetako bat nahi dutenek Etxebiden eman behar dute izena.
108 etxebizitzetatik, 95 bi logelakoak izango dira. Horietako bost mugikortasun urria dutenentzat izango dira. Gainontzeko 13 etxebizitzak hiru logelakoak izango dira. Etxebizitza guztiek terraza eta garajea izango dituzte.
Gizarte laguntzako etxebizitzen blokean Zumarragako Udalak 716 metro koadroko lokal bat izango du.
Promozio honek energia kalifikazio onena du. Izan ere, berogailua eta ur beroa elektrikoak izango dira eta hiru blokeen estalkietan panel fotoboltaikoak jarriko dituzte.
2025erako
Obrak 13 milioi euroko aurrekontua du. Lanak datorren urteko martxoan hasiko dira eta 2025eko hasieran emango dizkiete etxebizitzetako giltzak errentariei.
Egitasmoa atzo aurkeztu zuten etxebizitzak egingo diren tokian. Ekitaldian, Pedro Jauregi Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordeak, Carlos Quindos Visesako zuzendariak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.
Serranok Zumarragako zonalde horretan 1.500 pertsona inguru bizi direla eta egitasmoak Eitzaga biziberritzeko balioko duela esan zuen. Udalak eskuratuko duen lokalari dagokionez, adinekoek eta auzo elkarteak erabiliko dutela aurreratu zuen.
Jauregik elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen. «Udalen laguntza dugun tokietan gehiago eta hobeto lan egiten dugu. Zumarragako Udalaren laguntza eskertzekoa da. Udalak utzitako lurrari esker, tamaina horretako herri batean ez ohikoa den promozio bat egingo dugu».
Zumarragar gehienek alokairuzko etxebizitzak nahi dituztela gehitu zuen. «Eusko Jaurlaritzak alokairuaren aldeko apustua egin du eta zumarragarrek ere hori nahi dute. 300 eskatzaileetatik, 227k alokairuzko etxeak nahi dituzte».
Quindosek etxebizitzen izaera jasangarria azpimarratu zuen. Gainera, duten kokapenagatik, bertan biziko direnek eguzkiaz gozatuko dutela gogoratu zuen.