Egoitz Ruiz urretxuarrak Patroiak eta Moda goi mailako zikloa egin du Donostian. Instagram erabiltzen du bere diseinuak ezagutzera emateko eta inguruko gazteen artean ezaguna egin da.
Sare sozialek aldaketa asko ekarri dituzte, arlo guztietara. Baita moda mundura ere. Egun ez da derrigor pasarela bat behar diseinuak ezagutzera emateko, sare sozialen bidez lor daiteke. Egoitz Ruiz urretxuarra, adibidez, Instagram-ez baliatu da bere lanak ezagun egiteko.
Ruiz 2001ean jaio zen. Oso gaztea da, beraz. «DBH Urretxuko Iparragirre institutuan egin nuen eta ondoren Beasainera joan nintzen Batxilergo Artistikoa egitera. Batxilergoaren ondoren, ez nekien oso ondo zer egin. Azkenean, Donostiara joan nintzen Patroiak eta Moda ikastera. Goi mailako zikloa da. Aurten bukatu dut eta Madrilera joan nahi dut praktikak egitera».
Oraindik ez daki zein enpresatan egingo dituen praktikak. «Madrilera joan nahi dut, toki berri bat ezagutzeko. Tutoreari hiruzpalau enpresen izenak eman dizkiot, erreferenteak direnak, eta ea horietakoren baten hartzen nauten».
Ikasketak oso gustura egin ditu. «Amak gaztetan ikastaro bat egin zuen, nire amonek josten dakite… Beti gustatu zait soinekoak eta trajeak marraztea, baina oraingoan mozten eta josten ere ikasi behar izan dut. Ikasketak hasi nitunean ez nekien botoi bat josten ere, baina bi urtetan asko ikasi dut. Ikaskide batzuk bazekiten josten eta horrek asko motibatu nau».
Dagoeneko berak diseinatutako arropa saltzen hasi da. «Mundu hau asko gustatu zait eta duela hilabete pare bat kamisetak eta biserak egiten hasi nintzen. Herriko jendeak asko lagundu dit. Jendeari asko gustatu zaizkio diseinuak eta eskaerak egin dizkidate. Ezagutzen ez dudan jendeak egiten dudana asko gustatzen zaiela esateak jarraitzeko gogoa ematen dit».
Instagram bidez lan egiten du. «Ikasgai batean gure marka eta enpresa nola sortu azaldu ziguten. Ondoren, gure marka sortzeko eskatu ziguten. Batzuk eskolako proiektu bezala hartu zuten, baina nik benetako proiektu bezala hartu nuen: logotipoa egin nuen, Instagram kontua sortu nuen, klasetik kanpo ere arropa josten eta ezagutzera ematen hasi nintzen… Jendea gauza gehiago egiteko eskatzen hasi zenean (poltsak, topak…), egitasmoa gorputza hartzen hasi zela konturatu nintzen».
Erabilitako arropa eta birziklatutako oihalak erabiltzen ditu. «Ez zait gauzak botatzea gustatzen. Etxeko gortina zahar batek ez du, beharbada, traje bat egiteko balio; baina bai diseinu bat egiteko eta argazkiak ateratzeko. Erabilitako arroparekin ere beti egin daiteke zerbait. Beti dago bigarren aukera bat emateko parada. Lagunek arropa eta oihal zaharrak ematen dizkidate».
Bere marka Ego Kouture da. «Ego nire izenaren laburdura da. Couture hitzak, berriz, joskintza esan nahi du, frantsesez. Euskal Herrikoa naizenez, K-rekin idazten dut». Logoa, berriz, aingeru bat da. «Aingeruak eta deabruak asko gustatzen zaizkit, betidanik. Gainera, logotipo batean deigarria suertatzen da».
Diseinuei dagokienez, tutoreek oso estilo definitua diotela esan diote. «Nire erreferenteak gaur egungo artista globalak dira. Mende hasierako moda ere asko gustatzen zaizkit. Gauza deigarriak gustatzen zaizkit».
Madrilera joateko irrikaz dago. «Etxekoek han geldituko naizela esan didate. Ez noa asko horrekin, familia eta lagunak hemen baititut; baina nire helburua hiri handiak ezagutzea izan da beti: Madril, Londres… Halako hirietan asko ikasten duzula uste dut. Hasieran Donostia, gero Madril, ondoren Londres… Mundu honetan oso garrantzitsua da gauza berriak ikustea, erreferente berriak hartzea, beste kultura batzuk ezagutzea, tribu eta estetika berriak ezagutzea…».
Bere diseinatzaile kuttunen artean Palomo Spain dago. «Gauza ezberdinak egiten ditu, kalean ikusten ez direnak. Firma handiak ere gustuko ditut, noski: Moschino, Versace… Maria Escoté ere gustatzen zait».
Etorkizunean, bere helburua publiko handiago batengana heltzea da. «Egun, nire publikoa 20-25 urteko neskak dira. Hori dela eta, egiten dudana beraiei zuzendua dago. Arropak ez duela generorik uste dut, baina neskek eskatzen dizkidaten gauzak egiten ditut. Mutilek ere gauzak eskatuko balizkidate, zer egitea gustatuko litzaiekeen galdetuko nieke».